Txertoen garapen azkarra da 2020ko aurrerapen zientifikorik handiena, Science aldizkariaren arabera
2020/12/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urtebete ere ez du egin lehenengo aldiz SARS-CoV-2 birusaren berri izan genuenetik, eta dagoeneko martxan dira lehenengo txertaketa-kanpainak. Atzera begiratuta, ikaragarria da zientziak urte betean egin duena. Oraindik ez dago argi zenbaterako immunitatea emango duten txertoek, ezta birusa zabaltzea eragotziko duten ere, baina, zalantzak zalantza, protagonismo osoa hartu dute txertoek 2020an. Zientzian egindako ekintza gogoangarri hori aitortzeko, Science aldizkariak 2020ko aurrerapen zientifikorik handiena izendatu du txertoen garapen azkarra.
2019ko urtarrilaren 31an eman zuten Wuhaneko medikuek 27 pertsona gaixotutako pneumonia berezi baten berri. Urtarrilaren 8an, koronabirus bat zela argitaratu zuten. Urtarrilaren 10ean, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia osoa argitaratu zen. Orduantxe abiatu zen birusaren aurkako txertoa garatzeko lasterketa zientifikoa. COVID-19aren krisialdian zientziak jarri duen abiadura erakusten dute datuok.
Egia da orain arte ez dela inoiz egin halako inbertsiorik gaixotasun infekzioso berean hain denbora gutxian, ez ekonomikoa eta ezta pertsonala ere. Eta inoiz ez da izan hainbeste ikerketa paralelo gai baten inguruan. Baina estrategia berriak ere probatu dira (RNAm-an oinarritutako txertoak), eta estrategia berriek esperantza berriak sortu dituzte, haiek izan baitira medikamenduen agentzien oniritzia jaso duten lehenengo txertoak. Dagoeneko Modernaren eta Pfizer eta Biotech konpainien txertoei eman die oniritzia Ameriketako Medikamenduen Agentziak, eta gaur bertan eman dio Modernaren txertoari Europako Medikamentu Agentziak ere. RNAm-an oinarritutako txerto horietako batekin abiatu dute txertaketa-kanpaina Erresuma Batuak, Kanadak eta AEBk.
Baina egin diren akatsak ere nabarmendu ditu Science aldizkariak; batez ere, zientzialarien eta politikarien artean ikusi den haustura kezkagarria. Hala, azpimarratu du urte honetan ikasitakoak balio beharko lukeela zientziaren eta gizartearen artean loturak sendotzeko.
Besteak beste, pandemiak erakutsi du txertoen erronka ez dela erronka zientifiko huts bat. Ekoizpenaren eta banaketaren alorrean erronka global handi bat dago orain; baina, batez ere, komunikazio-erronka handi bat dute aurrean txertoek. Izan ere, gehiegizko esperantza sortu izana eta ikuskizun mediatikoa eman izana egotzi diote batzuek; txertoa lortuta ere, ez dutela jarriko esan dute beste batzuek. Ez dago argi zenbateko konfiantza dagoen txertoengan. Beraz, txertoak benetan eraginkorrak izateko, komunikazioa izango da gakoa. Zuhurtziaz eta gardentasunez transmititu beharko zaizkie herritarrei txertoaren onurak eta bidean sor daitezkeen zailtasunak.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia