Txibia arrautzak zaintzen
2006/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txibiek itsas hondoan utzi ohi dituzte arrautzak errun eta gero. Baina Gonatus onys espezieko txibiak garroetan hartuta eramaten dituela ikusi dute, babesa emateko.
Gonatus onys txibia-espeziea arrunta da Ozeano Pazifikoan eta Atlantikoan, baina, hala ere, ez zen inoiz ikusi arrautza-multzoa zeramala. Harraparientzat are eta jaki preziatuagoa da txibia arrautzak badaramatza eta, hori dela eta, sakonera handietara jaisten omen dira, harrapari gutxiago dagoen lekura.
Rhode Island-eko Unibertsitateko Brad Seibel-ek eta haren taldeak harrapatu dute Gonatus onys arrautza-poltsa babesten --bost txibia ikusi zituzten, bakoitzak bizpahiru mila arrautza zeramatzala--. Horretarako, urrutitik kontrolatutako itsaspeko bat erabili zuten.