}

Txibia erraldoi bat bizirik, azkenean!

2005/09/28 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Orain arte hilda baino ez zuten ikusi txibia erraldoia (Architeuthis), baina, azkenean, lortu dute ale bat filmatzea. Berria Proceedings aldizkarian argitaratu dute Tokioko Zientzia Museo Nazionaleko biologo batzuek.

Txibia erraldoia munduko ornogaberik handiena da, eta ozeanoetako ur sakonetan bizi da. Hortik aurrera, ezer gutxi dakite zientzialariek. Animalia mitiko bat dela esan daiteke, mendeetan jardun baitira haren bila.

Azkenaldi honetan, ordea, hildako aleak aurkitu ahala, animalia misteriotsu horren bizimodua argitzen joan da, apur bat bada ere. Eta, agian, horrek are eta jakin-min handiagoa piztu du. Txibia erraldoia filmatzea lortu duten biologo japoniarrek, esate baterako, urteak zeramatzaten irudi hauen atzetik. Baina azkenean lortu dute.

Japoniako uretan 23 buia jarri zituzten, eta buia horietan kamerak jaisten zituzten noizbehinka ur sakonetara. Kamerarekin batera amu bat jartzen zuten txibiarentzako beitarekin, eta, halako batean, batek heldu dio amuari. Txibiari amuan trabatuta geratu zitzaion garroetako bat, eta askatu nahian hautsi. Bada, garro horri esker jakin dute txibia hori guztira zortzi bat metro luze zela (garroa bost metro eta erdikoa zen).

Hainbeste bilatutako irudiak lortu dira, beraz. Baina txibia erraldoiaren irudi horiek misterioa argitu ez baizik areagotu egingo dute seguruenera.