}

Txikietan txikiena

2008/10/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Munduan ezagutzen diren 3.000 inguru suge-espezieetatik txikiena aurkitu dute Karibeko Barbados uhartean. Leptotyphlops carlae izena eman diote. Espageti-fideo bat bezain zabalak eta hamar zentimetro inguru luze dira espezie horretako ale helduak. Argazkian ikus daitekeenez, erraz sartzen da dolar laurdeneko txanpon batean (dolar laurdeneko txanponek euro erdikoen dimentsio berak dituzte).

Erraz sartzen da Leptotyphlops carlae sugea euro erdiko txanpon baten tamainako txanpon batean. ( B. Hedges, Penn State)

Pensylvaniako Unibertsitateko Blair Hedges biologoak aurkitu du suge txiki hori. Esan duenez, nekez egon daiteke hori baino suge txikiagorik. Izan ere, neurri hori baino txikiagokoek ez lukete jateko moduko neurriko janaririk topatuko (helduek nekez, eta gazteek are nekezago!). Orain aurkitu berri dituztenek inurrien eta termiten larbak jaten dituzte.

Ezin suge gisa aritu

Hain txikiak izanik, ezinezkoa da sugeok eta ahaide handiagoek ezaugarri berak izatea. Adibidez, sugeek, oro har, arrautza asko erruten dituzte, ez baitituzte zaintzen kume jaioberriak. Horri esker, kumeren bat aurrera ateratzeko aukera handiagoa da.

Txiki horiek, ordea, ezin dute horrelakorik egin; oso arrautza gutxi erruten dituzte errunaldi bakoitzean. Oso gutxi ez, gehienetan arrautza bakar bat jartzen dute. Izan ere, bat beharrean bi jarriko balituzte, amaren sabelean dauden bitartean oraingo arrautzek duten tamainaren erdia izan beharko lukete; eta arrautzatik ateratzean ere, oraingoen tamainaren erdia izango lukete... txikiegiak lirateke, eta ezingo lirateke elikatu.

Indonesiako uharteetan bizi da Komodoko dragoia, ezagutzen den muskerrik handiena. (R. Delfs)

Ale helduen eta jaioberrien arteko proportzioak ere oso desberdinak dira suge “normalen” eta aipatzen ari garen hauen artean. Arrautzatik atera berri diren sugeak izugarri handiak dira ale helduekiko, beste suge-espezie batzuekin alderatuta: ale helduen tamainaren erdia izaten dute; suge handietan, berriz, atera berriak helduen hamarren bat inguru izaten dira.

Uharteetan tamaina aldatu

Ez da harritzekoa ezagutzen diren animalia txikienak uharteetakoak izatea. Uharteak oso eremu mugatuak izan ohi dira, eta bereziki txikia da suge hau bizi dena, Barbados uhartea: 430 km2-ko azalera du, Gipuzkoaren bosten bat, gutxi gorabehera. Pentsa zer zailtasun izan behar duten animaliek azalera txiki horretan behar adina elikagai aurkitzeko. Eta, noski, zenbat eta handiagoa izan animalia bat, orduan eta elikagai gehiago beharko du.

Ale helduarekiko izugarri handiak dira espezie horretako jaioberriak. Erdian suge heldu bat ageri da; horren ezkerrean suge txikien jaioberriek helduekiko izan ohi duten tamaina, eta eskuinean suge handien jaioberriek dutena.
Artxibokoa

Animalia bat kontinentetik uharte batera iristen bada, argi dago ez dituela aurkituko kontinentean zituen kondizioak; besteak beste, elikagai-kantitatea askoz txikiagoa izango da. Denboraren poderioz, beraz, bizirik irauteko aukera handiagoa dutenez, kontinenteetan handiak ziren animaliek txikitzeko joera izaten dute. “Uharteetako nanismo” esaten diote fenomeno horri.

Dena den, kontrako fenomenoa ere behatzen da uharteetan, gigantismoa, alegia. Kontinenteetan txikiak izan ohi diren animaliei gertatzen zaie. Askotan txikiak izaten dira harraparietatik ihesi ibili behar izaten dutelako, eta, txikiak izanda, errazago ezkutatzen direlako.

Uharteetan, ordea, harrapariak oso-oso urriak izaten dira. Izan ere, oso zaila da harrapari handientzat uharteetaraino iristea, ez baitira gai izaten denbora luzean igeri egiteko, eta nekez igo baitaitezke haraino eramango dituen egitura batean.

Hortaz, harraparirik gabe, ez die inolako mesederik egiten txikiak izateak, eta handitzeko joera izaten dute. Horren adibide da Komodoko dragoia, ezagutzen den muskerrik handiena. Inguruan dituen kondizioetara moldatzen da bakoitza; beharko!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia