Txillida Bilbon: atmosferaren seinaleak azalean
2014/06/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azala irregularra, material-zatitxoak altxatuta, izan behar ez lukeen kolorea... Ezusteko asaldurak dituzte Eduardo Txillidak altzairu herdoilkorrez egindako eskultura batzuek Bilbon. Kaleko kondizioetan luze irauteko berariaz sortutako altzairua izanda, "ez dira espero litezkeen ezaugarriak", dio Guggenheim Bilbao Museoko kontserbatzaile Ainhoa Sanzek. Nabarmendu du, hala ere, ez direla "kezkatzekoak", oso azaleko asaldurak baitira, eta oso eskala txikikoak. "Dena den, komenigarria da haien jatorria ezagutzea, eskulturak ahal den heinean babesteko neurriak hartu ahal izateko", gaineratu du.
Geruza babesle bat sortzeko gai izateak egiten du altzairu herdoilkorra (Corten izen komertzialaz ere ezaguna da) egoki kanpoko kondizioetarako. Korrosio-geruza bat garatzen du azalean, eta horrek hesi-lana egiten du kanpoko kondizioetako estres-eragileen aurrean. Horrenbestez, asko erabiltzen da kanpoko egiturak sortzeko, hala nola fatxadak, zubiak eta trenbideak. Eta artista askok denbora luzea daramate hura erabiltzen kanpoan egoteko eskulturetan; horietako bat zen Txillida.
Altzairu herdoilkorrez egindako eskulturen egoeraren nondik norakoak, eragileak, konponbide posibleak eta abar ezagutzeko asmoz, ikerketa bat jarri zuten abian EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileek eta Guggenheim Bilbao Museoko kontserbatzaileek elkarlanean. Museoko Besarkada XI eskulturaz gain, baimena izan zuten Bilbon dauden Txillidaren beste eskultura batzuk aztertzeko: Begirari IV, Elogio del Hierro III eta Buscando la Luz IV . "Hiriaren alde desberdinetan daudenez, poluzio-foku desberdinak zituzten, eta, horri esker, konparazio-azterketa ere egin ahal izan genuen", argitu du Julene Aramendiak, EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileak.
Geruza babeslea, ez beti
Oxigenoarekin eta urarekin kontaktuan egonda sortzen zaio babes-geruza altzairuari. Zenbait burdin oxihidroxidoz eratua dago, eta bustitze- eta lehortze-zikloak behar dira hura sortzeko. Pixkanaka, gainera, konposatuok eraldatuz joaten dira, eta gero eta babes handiagoa eskaintzen dute. Aramendiak gertatu ohi den prozesua azaldu du: "Lehenengo etapetan, eskulturaren azal guztian lepidokrozita azaltzen da. Burdin oxihidroxido bat da, eta oso ezegonkorra da, oso aktiboa kimikoki; etengabe erreakzionatzen dueta aldatzen da inguruko agenteekin. Pixkanaka, bustitzeen eta lehortzeen eraginez, lepidokrozita goetita bihurtzen da. Askoz konposatu egonkorragoa da goetita, pasiboagoa. Pasiboagoa izanda, hesi-funtzioa egiten du, eta ez dio poluzioari pasatzen uzten. Horrenbestez, benetako eragin babeslea goetita agertzean sortzen da".
Alabaina, materialak ez du berdin erantzuten atmosfera guztietan, eta kondizio jakin batzuetan ez du sortzen esperotako babesa. "Hala gertatu dela ikusi dugu, Besarkada XI n ez ezik, Txillidaren Begirari IV eskulturan ere. Aldiz, Elogio del Hierro III eta Buscando la Luz IV egoera onean daude: azalera homogeneoa dute, eta kolore egokia", zehaztu du ikertzaileak.
Ezohiko portaera horren eragileak "Bilboko atmosferan ugariak diren partikula batzuk direla ikusi genuen, silikatotan aberatsak direnak batez ere, hala nola hauts naturala edo autoen kearen partikula batzuk --azaldu du Aramendiak--. Gainera, itsasotik hurbil egonda, gatz-partikulak gehitzen zaizkie aurrekoei", dio.
Arazoa: bihurketa etetea
Ikerketarako teknika ez-inbaditzaileak erabili zituzten ikertzaileek, "eskulturei ahalik eta kalte txikiena eragiteko", Aramendiaren arabera. Espektroskopia- eta fluoreszentzia-teknikak erabilita, eskulturen azaleko egitura molekularra ezagutu zuten, alegia, zer konposatuz osatuta zegoen, bai eta oinarrizko egitura zein den ere, hau da, zer elementu kimiko ageri diren azalean, bai kualitatiboki, bai semikuantitatiboki (zer proportziotan dagoen haietako bakoitza).
Analisi horien emaitzetan ikusi zutenez, egoera okerrenean zeuden eskulturek lepidokrozita-kontzentrazio handia eta goetita-kontzentrazio txikia zuten, eta egoera onenean zeudenek, berriz, alderantziz. Beste modu batera esanda, "egoera okerrenean zeuden eskulturetan etenda dago lepidokrozita goetita bilakatzeko prozesua", hain zuzen ere, silikatotan aberatsak diren partikulen ondoriozPartikula horiek, bestela, ez diote inola eragiten altzairuari: ez du higatzen, ez du hondatzen, ez ezer", dio Aramendiak.
Eskulturen azaleko material-zati txikiak erortzearen eragileak, bestalde, sulfatoak eta nitratoak dira, batetik, eta igeltsua bestetik. Izan ere, kantitate handietan neurtu zituzten konposatuok eskulturen azalean. Atmosferako sufre dioxidoak eta nitrogeno-oxidoek eskulturen materialarekin erreakzionatzean sortzen dira burdin sulfatoak eta burdin nitratoak. "Oso konposatu disolbagarriak direnez, euriarekin materiala galtzea errazten dute", argitu du Aramendiak.
Euskal Herriko lurrak kare askokoak izateak, gainera, atmosferan igeltsu ugari egotea eragin du, eta, horrenbestez, material-puska txikiak erortzea, igeltsua eskulturen azalean pausatzean. Igeltsua hiru hidratazio-mailatan ager daiteke (igeltsu, hemidrato eta nidrita eran), eta bakoitzak bolumen jakin bat du. Hortaz, batetik bestera aldatzean, bolumena ere aldatu egiten da, eta aldaketa horrek estres fisikoa eragiten du azalean, eta, horrenbestez, material-zatitxoak askatzea.
Aparteko faktore eragileak
Atmosferako partikulen eragina gutxi balitz, egindako ikerketetan Aramendiak ikusi zuen "eskulturak egiteko erabilitako altzairuaren konposizioak berebiziko garrantzia" duela haien kontserbazioan. "Ez genuen gehiegi sakondu horretan, ikerketa oso baterako gaia delako, baina ikusi dugu kontserbazio-egoera onenean zegoen eskultura, Elogio del Hierro III , beste aleazio bateko altzairuarekin eginda dagoela". Corten altzairuz beharrean, Reco deritzon altzairuz eginda dago Elogio del Hierro III (Txillidak Donostiako Haizearen Orrazia egiteko erabili zuen altzairu berdina), eta altzairu horrek "oso ondo erantzuten du Bilboko atmosferaren aurrean", argitu du Aramendiak
Corten eta Reco altzairuen aleazioetako konposatuen kantitate-desberdintasunetan dago atmosferako poluitzaileen aurreko erantzuna. Oro har, eta oso gainetik aztertuta, "esan dezakegu aleazioan kobre gutxi duten eskulturak okerrago kontserbatu direla, eta nikel-kontzentrazio handia dutenek hobeto irauten dutela Bilboko atmosferan", gaineratu du ikertzaileak.
Guggenheim Bilbao Museoko Ainhoa Sanzek, bestalde, azaldu du zer tratamendu ematen zaion altzairu herdoilkorrari korrosio-geruza babeslea sortzea bultzatzeko: "Burdinolatik ateratzen denean, geruza beltz batekin ateratzen da. Oxidazio-prozesua errazteko eta era homogeneoan gertatzeko, harearekin garbitzen da, geruza beltz hori kentzeko. Bada, Txillidak ez zuen halakorik egin nahi izan museoan dugun eskulturan. Eta horrek areagotu egin du azala irregularra izatea".
Bada, Besarkada XI n eta Begirari IV n faktore kaltegarri guztiak batu dira: Biak daude Bilboko itsasadarretik hurbil, Guggenheim museoaren ondotik pasatzen den zubiak trafiko handia du, eta, hortaz, autoen poluzio handia dago, eta Txillidak harearekin garbitu izan nahi ez zituen eskulturetako bi dira.
Kontserbazio-plana: gehiago ureztatzea
Egindako ikerketan ateratako emaitza eta ondorioetatik "asko ikasi dugu, eta egunerokora ekarri dugu, moldatu egin baitugu Besarkada XI ri egin beharreko mantentze-lana. Aldian-aldian, ureztatu egiten dugu eskultura, gainazalean gelditu diren poluitzaileak, hautsa eta gatza kentzeko. Hala, partikula horiek garbitzeaz gain, geruza babesgarria osatzeko behar dituen lehortze-bustitze zikloak eragiten dizkiogu. Hortaz, ureztatuta, eragin bikoitza izatea lortzen dugu", argitu du Sanzek.
Ureztatze horiez gain ez dute bestelako neurririk hartu museoan Txillidaren eskulturaren kontserbazioari dagokionez, "ez baitu beharrik. Unibertsitatekoek ikusi dute azalean gauza bitxiak gertatzen ari direla, baina ez da larria, eta ziur gaude eskulturak ez duela hondatzeko inongo arriskurik", dio Sanzek.
Honela jarraitu du: "Uneren batean arrisku hori dagoela ikusiko bagenu, lehenengo neurria eskultura biltegian sartzea izango litzateke, atmosfera poluitzailetik babestearren. Ondotik, sakon ikertuko genuke zer esku-hartze egin genezake eskultura bere onera itzultzeko, eta hori jakinda, Txillidaren familiarekin hitz egin beharko genuke, egin beharreko hori egiteko baimena lortzeko. Izan ere, edozein interbentzio egin baino lehen, jakin behar da zein den artistaren nahia, kontzeptu aldetik zer adierazi nahi zuen. Eta bi interesek ez dute zertan bat egin."
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia