}

Tximeleta eta eboluzioa, bidean atzera eta aurrera

2006/08/13 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Darwinen teoriak ikaragarrizko iraultza ekarri zion mundua ulertzeko pentsamoldeari: mundua ez da beti izan ezagutzen dugun bezalakoa, espezie deitzen ditugun bizidun-taldeek beste espezie batzuetatik eboluzionatu dute. Ordutik, zientzialariek espezieen jatorriaren bila jarduten dute, espezieen arteko harremana aztertuz eta abar.

Ez da erraza espezieen eboluzioan atzera egitea, ez baita lerro zuzen bat.

Horretarako, denboran atzera begira jartzen dira zientzialariak, gaur egungo espezieak katalogatzen dituzte, eta garai bateko espezieen arrastoak bilatu. Hala, batzuen eta besteen arteko harremana (lotura ebolutiboa) ezagutzen saiatzen dira. Izan ere, horren guztiaren atzean dagoen ideia ederra da: hartu munduko bi espezie, edozein, bada, bi espezie horiek arbaso bat izan zuten komunean.

Arbaso hori oso aspaldikoa izango da oso espezie desberdinak hartzen baditugu (txakurra eta eulia, esaterako), baina antzeko espezieak hartzen baditugu (txakurra eta otsoa, adibidez), arbaso hori denboran gertuago izango da.

Oro har, espezie bat beste espezie bat bilakatzen da. Baina badaude eboluziorako beste bide batzuk ere. Hibridazioa, esate baterako. Hibridazioan bi espezie desberdinetatik espezie berri bat sortzen da. Landareetan ohikoa da hibridazioa, animalietan ez.

Tximeleta hibridoa

Heliconius heurippa tximeletak bi koloretako arrastoak ditu hegoetan, gorriak eta zurixkak, eta beste bi espezieren arteko hibridazioaren ondorioa da: Heliconius cydno , arrasto zuriduna, eta Heliconius melpomene , arrasto gorriduna. (Argazkia: M. Linares )

Dena dela, baliteke uste zen baino espezie gehiagoren atzean egotea hibridazioa. Duela gutxi ikusi dute, adibidez, Heliconius heurippa tximeleta beste bi tximeleta-espezieren arteko hibridazioz sortu zela. Egia esan, lehendik ere bazuten susmoa; izan ere, tximeleta horren hegoetako arrastoak beste bi espezie horien arrastoen konbinazioa dira. Heliconius heurippa -k arrasto zurixkak eta gorrixkak ditu hego beltzetan, beste espezie horietako batek, Heliconius cydno-k , arrasto zurixkak ditu, eta besteak, Heliconius melpomene-k , gorrixkak.

Beraz, susmo logikoak zituzten H. heurippa -rekin lan egiten zuten biologoek. Frogatzea beste kontu bat zen, ordea. Proba genetikoak egin zituzten, eta hiru tximeleta-espezieen arteko ahaidetasuna nahiko garbi ikusi omen zuten. Baina urrunago joan nahi izan zuten, eta naturan gertatutako hibridazio hura laborategian ere gerta ote zitekeen ikusi nahi izan zuten. Bada, bi espezie arbasoak gurutzatu, eta, hiru belaunaldiren buruan, H. heurippa tximeletaren hego-arrasto berdinak zituen hibridoa sortu zuten.

Bestalde, hego-arrastoek tximeleta horien ugalketan esanahi handia dutela ere ikusi zuten. Izan ere, arrek hego-arrasto bera duten emeak aukeratzen dituzte (hamarretik zortzi-bederatzik). Hori berebizikoa da espezie hibridoa arbasoetatik bereizteko, espezie arbasoekin gurutzatuko balitz espezie sortu berria diluitu egingo bailitzake.

Landareen eboluzioan ohikoagoa izan da hibridazioa animalienetan baino. Landare hau, esate baterako, Cattleya guatemalensis da, eta espezie hibrido bat da.

Hori laborategian. Naturan, berriz, ikusi dute tximeleta hibridoa geografikoki bereiz bizi dela beste bi espezieetatik: Venezuela eta Kolonbiako oihanetan bizi dira hirurak, baina hibridoa garaiera handiagoan. Beraz, espezieak elkarrekin gurutzatzeko aukera gutxi daude, eta espezie bakoitzak bere eboluzio-bideari jarraitzen dio, duela bostehun mila urtetik hona behinik behin.

Ikusten denez, eboluzioa ikertzeko denboran atzera eta aurrera egiten dute zientzialariek; espezieen eboluzioa lerro zuzen bat balitz, gaitz erdi, baina tarteka espezieak gurutzatu eta hibridoak sortu izan dira. Horrek ikerketa korapilatsuagoa egiten du, eta baita interesgarriagoa ere.

7K-n argitaratua.