Tximeletak eta kaosa
2008/04/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Edward Lorenz (Argazkia: http://en.wikipedia.org/
wiki/Edward_Lorenz)
Jakintza hori duela pare bat aste zendutako Edward Lorenz meteorologo eta matematikariari zor diogu. Hain zuzen, 1960ko hamarkadan, eguraldia iragartzeko modua asmatu nahian ari zela jabetu zen Lorenz horrekin, zientzian askotan gertatzen den bezala, kasualitatez. Izan ere, berak garatutako ordenagailu bidezko simulazioan emaitza bat berriz ikusi nahi zuen, eta, gauzak azkarrago egitearren, datu bat eskuz sartu zuen, baina aldaketa txiki bat eginda: ereduan bezala zenbakiaren sei hamartarrak erabili ordez, hiru jarri zituen, hau da, .506 idatzi zuen, .506127 beharrean. Itxuraz, aldea hutsaren hurrengoa da; lortu zuen emaitzak, ordea, ez zeukan aurrekoarekin zerikusirik.
Eguraldiak bezala funtzionatzen duten sistemei sistema dinamiko ez-lineal esaten zaie, eta sistemaren eboluzioak hasierako kondizioekiko duen mendekotasuna da haien ezaugarri nagusia. Gaur egun, kaosaren teoriaren baitan aztertzen dira horrelako sistemak, eta ugariak dira, bai naturan, bai teknologian. Kaosa presente dago populazio naturalen bilakaeran, bihotz-taupadetan, erreakzio kimikoetan, zirkuitu elektrikoetan, fluidoen dinamikan, izar-multzoen mugimenduan. Eta kaosak, izenak bestela iradoki dezakeen arren, funtzionatzeko modu eta egitura zehatz bat du. Ez da ausazkoa. Alderantziz, kaosaren izen osoa kaos determinista da, hain zuzen ere, hasierako kondizioek erabat determinatzen dutelako sistema kaotikoen eboluzioa. Beste kontu bat da gizakiok eboluzio hori iragartzeko gai izatea.
Matematikariak ari dira horretan lanean. Kaosaren matematika azken berrogei urteetan garatu da batik bat, eta ikerketarako tresna ahaltsua bilakatu da. Ahaltsua, eta kontzeptualki iraultzailea. Izan ere, bibliografiara joz gero, askotan aipatzen dute kaosak XX. mendeko ekarpen garrantzitsuenen hirukotea osatzen duela, kuantikarekin eta erlatibitatearekin batera, hirurek ala hirurek naturari begiratzeko modua aldatu zigutelako.
Lorenz-ek egindako ekarpena tximeleta-efektua izenarekin egin da ezagun, ordenagailu-ereduan ikusitakoari buruz 1972an aurkeztu zuen idatzi baten izenburuaren ondorioz: Does de flap of a butterfly's wings in Brazil set off a Tornado in Texas? (Tximeleta batek Brasilen hegoak astintzeak tornado bat eragiten du Texasen?). Izenburua ez zion Lorenz-ek berak jarri, aurkezpenak koordinatzean ari zen Philip Merilees meteorologoak baizik, eta tximeletaren ideia nondik nora sortu zen ere ez dago argi. Batzuek diote zientzia-fikzioko idazle Ray Bradbury-ren A sound of thunder ipuinari zor zaiola (1952koa). Ipuin hartan, historiaurreko tximeleta baten heriotzak Estatu Batuetako presidentearen hautaketan nola eragiten zuen kontatzen zuen Bradbury-k. Merilees-ek ezeztatu egin du jatorria hori dela, baina ikusita nola eragin zuten Bardbury-ren tximeletak zientzia-fikzioaren etorkizunean eta Lorenz-en tximeletak zientzian, ez legoke gaizki.
Berria -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia