Tximinoak espaziora?
1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela ia berrogei urte lehen sateliteak espaziora jaurti zirenean, tximinoek eta beste animalia batzuk zeregin inportantea izan zuten gizakiari bidea irekitzen. Orain ere, itxuraz, tximinoek gizakiari bidea ireki eta espaziora itzuli behar dute. Horren kontura arazoak izaten ari da NASA animalien eskubideak defendatzen dituzten taldeekin.
1988ko Bion 11 eta Bion 12 misioak Frantzia eta Errusiarekin elkar hartuta egin behar ditu NASAk eta bi kasuotan bina tximino espazioratuko dira untzi errusiar batean. Gero, espazioan bi aste pasata lurrera itzuliko dira.
Misioaren helburua grabitate-ezak gizakiengan izan dezakeen eragina ulertzen laguntzeko esperimentuak garatzea da. Grabitate-ezak tximinoengan eragingo dituen aldaketa fisiologikoak aztertuko dira. Tximinoen hanketako eta besoetako muskuluetan elektrodoak inplantatuko dira eta eserlekuan lotuta egongo dira hegaldi osoan zehar.
Horrek animali eskubideen defendatzaileak asaldatu ditu. Horrexegatik NASA presionatzen ari dira hegaldi horiek bertan behera uzteko edo gutxienez, tximinoen egoera hobetzeko. Batzuren ustetan horrelako esperimentuak ez dira beharrezkoak. Izan ere, astronautak denbora luzeak egiten ari dira Mir espazio-estazioan eta beraz, horixe dateke grabitate-ezak gizakiongan dituen eraginak aztertzeko modurik egokiena. Alabaina, NASA-ko zientzilarien esanetan astronautak grabitate-ezari aurre egiteko botikak hartzen dituztenez ez dira horren eragina aztertzeko subjektu egokienak eta animaliekin egiten diren esperimentuak guztiz beharrezkoak dira.
Animalien defendatzaileen presioak ondorioak izan ditu jada, oraintxe arte, gorago aipatutakoaz gain, tximinoen garunetan ere elektrodoak inplantatzeko planak egon baitira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia