Tximinoak eta Matematika
2002/09/06 Elhuyar Zientzia
Matematikarako adimena gizakiaren eremu pribatua zela uste zutenek jai dute. MITeko ikertzaile-talde batek frogatu ahal izan duenez, tximinoak ere gai dira kalkulu aritmetikoak egin eta, gutxienez, bosteraino zenbatzeko. Ez da tximinoei zenbatzen irakasten zaien lehen aldia, baina oraingoan kalkuluak nola egiten dituzten ere jakin dute.
Saiakuntzaren lehen zatian tximinoek bi ordenagailutako pantailetan agertzen ziren puntu biribilak, beti 1 eta 5 artean, ezagutzen ikasi behar izan zuten. Adibidez, pantaila batean bi puntu agertzen baziren eta hurrengoan hiru, tximinoek palankatxo bat askatu behar zuten; biribil-kopurua berdina zenean, ordea, ez zuten askatu behar. Kontuak ondo egiten zituzten bakoitzean, saria jasotzen zuten. Jardun eta jardun ondoren, tximinoek gehienetan asmatzen zuten.
Eta kopurua izan beharrean, ezagutzen dutena forma bada? bururatu zitzaien MITeko ikertzaileei. Hainbat forma eta tamainatako puntuekin egin zituzten saioak, eta emaitzak ez ziren aldatu.
Matematikarako zuten trebezia egiaztatu eta gero, burmuinean elektrodoak jarri zizkieten tximinoei. Horrela tximinoen neuronen jarduna aztertu zuten, eta honakoa ikusi: puntutxoak agertzean burmuineko alderdi jakin bateko neuronak hasten zirela lanean, eta horietako batzuk kopuru txikien aurrean eta beste batzuk handien aurrean erreakzionatzen zutela.
Aurreko guztiak esan nahi du adimen matematikoa ez dela gizakiaren dohaina bakarrik, beste espezie batzuek ere badutela, nahiz eta, eboluzioan zehar landu ez izanagatik, apenas garatu duten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia