Tximistorratz erradioaktiboak, baztertuta
2003/04/22 Elhuyar Zientzia
Tximistorratzak deskarga elektriko atmosferikoetatik babesteko sistemak dira. Lehenengoa Benjamin Franklinek asmatu zuen, XVIII. mendean. Bi metro inguruko haga bat zen, metalezko kable baten bidez lurrera konektatuta; deskarga gertatuz gero, indar elektrikoa lurrera zuzentzen da. Hartara, tximistak eragin ditzakeen kalteak saihesten dira.
Oraingo tximistorratzak Franklinek asmatutakoan oinarritzen dira, nahiz eta sistema hobetzeko aldaketak izan diren. Adibidez, 1960-1970eko hamarkadetan, tximistorratz erradioaktibo batzuk jarri ziren Espainiako estatuan. Tximistorratz horiek isotopo erradioaktibo bat daramate airea ionizatzeko, ionizazio horrek tximista tximistorratzerantz zuzentzen laguntzen duelakoan. Alabaina, tximistorratz erradioaktiboak ez dira arruntak baino hobeak, eta, egoki erabilita kaltegarriak ez badira ere, 1993tik ENRESA mota horretakoak kentzen ari da.
Espainian dagoeneko 21.531 tximistorratz erradioaktibo kendu dituzte, baina oraindik gutxienez beste 442 gelditzen dira. Hego Euskal Herrian dozena bat daude: lau Gipuzkoan, hiruna Nafarroan eta Araban eta bi Bizkaian.
Argazkilaria: Christopher Young.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia