Txinpantzearen genoma: ikerketarako eta gogoetarako bidea
2005/08/31 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Sekuentziatu dute txinpantzearen genoma. Eta dagoeneko hasiak dira ikertzaileak giza genomak izan duen eboluzioa txinpantzearenak izan duenarekin alderatzen.
Txinpantzea ( Pan troglodytes ) ez da beste edozein animalia bezalakoa gizakiarentzako; animalia honen begiratuak, jakin-minak zinez hunkitzen du. Ez da alferrik gizakiak gertuen duen animalia-espeziea —bi espezieak duela sei milioi urte bereizi zirela uste da—. Hori dela eta, gizakiaren eboluzioa hobeto ezagutzeko aukera ematen du txinpantzearen genoma gizakiarenarekin alderatzeak. Hasteko, gizakiaren eta txinpantzearen genomak oso antzekoak direla ikusi dute (genomaren % 96 berdina dute), eta antzeko proteinak kodetzen dituztela.
Txinpantzearen genomaren lehenengo zirriborroa Txinpantzearen Genomaren Sekuentziarako eta Analisirako Kontsortzioak ( Chimpanzee Genome Sequencing and Analysis Consortium ) egin du. Erakunde horren arduradun nagusiaren arabera, “giza genoma beste organismo batzuenekin konparatzea tresna ikaragarri indartsua da gizakion biologia ulertzeko”.
Ikerketa egin duen kontsortzioan 67 ikertzailek egin dute lan. Hala, hainbat ikerketaren berri kaleratu da aldi berean, eta hedabideetan ere oihartzun handia izango dutela zalantzarik ez da. Nature eta Science aldizkarietan gai honen gaineko hamaika artikulu argitaratu dituzte, eta, ikerketez gain, gogoetari ere leku egin diote, kontuan izan behar baita txinpantzea, eta oro har primate handi guztiak, arriskuan daudela.
Ikerketei dagokienez, besteak beste, hainbat organotako geneen espresioaren eta sekuentziaren eboluzioa ikertu dute, garuneko, bihotzeko, gibeleko, giltzurrunetako eta barrabiletako geneena, hain zuzen ere. Eta, dirudienez, gene gehienek eboluzio-eredu berari jarraitu diote, “teoria neutrala” izenekoari (eboluzioan izandako aldaketa genetikoek ez dute ez eragin positiborik, ez negatiborik, eta, hala ere, ondorengo belaunaldietara pasatzen dira). Barrabiletako zeluletako X kromosomak, ordea, beste eredu bati jarraitu omen dio: “hautaketa positiboa”.
Atera duten beste ondorio bat da garunean espresatzen diren geneetan beste organoetan baino aldaketa gehiago gertatu direla, eta gizakietan aldaketa horiek askoz ere ugariagoak izan direla txinpantzeetan baino. Gizakiaren eboluzioan garunak berebiziko garrantzia izan duela berresten du horrek.