}

Txip bat, eginkizun asko.

2001/08/21 Elhuyar Zientzia


Ordenagailua gaur lan baterako eta bihar beste baterako programatu daiteke. Eta txipak? Oro har, ez. Txip gehienen zirkuituak finkoak eta zehatzak dira eta ezin dira aldatu. FPGA deritzen zirkuitu mikroelektronikoak dira eginkizun desberdinetarako programatu daitezkeen bakarrak.

FPGAk ohiko mikrotxipak bezalakoak dira, sareak konektatutako elementuez osatuta daude, baina elementu horien artean korronte elektrikoa dago. Labirinto bateko pareta batzuk bota eta beste batzuk eraikita labirinto berria sortzen den modu berean, sareko korronte elektrikoaren norabidea eta noranzkoa aldatuz, FPGAk eginkizun baterako edo besterako programatzen dira. Horrela, ordenagailuaren gaitasuna eta aldakortasuna hobetzen dira. Adibidez, ordenagailuak txip espezifikoak behar ditu Internet-en nabigatu edo bideoak ikusi ahal izateko. FPGAk erabilita, txip bakarrarekin nahikoa izango litzateke.

Baina egun merkaturatzen diren FPGA zirkuituek eragozpen handi bat dute: hegazkorrak dira, hau da, korronte elektrikoa desagertzen denean (ordenagailua itzaltzen denean, adibidez) konfigurazioa galdu egiten dute, hustu egiten dira.

Gaur Nature aldizkariaren webgunean argitaratu denez, Washington-go Ontzi Ikerketarako Laborategietan memoria gordetzeko gai diren FPGAk garatu dituzte. FPGAk transistore batez eta diodo berezi batez osatuta daude, eta Washington-en transistorea elementu magnetoerresistente batez ordezkatu dute. Elementu honek eremu magnetiko aldakorra sortzen du, ordenagailua itzalita dagoen bitartean FPGAk korronte elektrikoa gal ez dezan. Horrela, memoria gordetzea lortzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia