Txip ñimiño bat egiteko material ugari behar da
2002/11/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ikerketa Tokioko Nazio Batuen Unibertsitatean egin dute, Nazio Batuen Ingurumen Programari buruzko txostenetik, AEBetako Mikroelektronika eta Ordenagailuen Teknologiaren Korporaziotik eta gai elektronikoen enpresa anonimo batetik hartutako datuekin.
Txipak egiteko lehengaia silizio dioxidoa da, normalean harea. Ikertzaileek silizio dioxidozko hareaz 32 MB-eko memoria duen mikrotxipa egiteko erabiltzen diren gai kimiko guztiak batu dituzte, baita erregai fosila ere, eta, hasteko, silizio arrunta lortzeko behar den energia baino 160 aldiz energia gehiago behar da txipak egiteko aproposa den silizioa lortzeko. Hala, pauso horretan gastatzen da txipa egiteko erabiltzen den energiaren erdia.
Nonbait, txipak egiteko hainbeste material behar izateko arrazoiak bi dira batez ere: batetik, oso txikiak dira eta, bestetik, egiteko prozesuak oso zehatza izan behar du. Hori dela eta, txip bat egitean, pisatzen duena baino 600 aldiz material gehiago kontsumitzen da. Auto bat egiteko, berriz, autoaren pisuaren bi halako erregai besterik ez da behar.
Ikertzaileen esanean, jakina da txipak egiteko erabiltzen diren hainbat materialek ingurumena kaltetzen dutela, adibidez PCBak. Alabaina, ikerketa gutxi egin dira txipak egiteko kontsumitzen diren eta poluitzen ez duten gaiei buruz, ura esaterako. Eta horiek ere badute eragina ingurumenean. Beraz, lehengai gutxiago erabiltzeko ahalegina egin beharko litzatekeela uste dute ikertzaileek, ingurumenaren mesedetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia