Txirritxo txikia, ur-ertzetako bidaiaria
1992/11/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ur-ertzak aberastasun ekologiko handiko inguruneak ditugu, eta ez da harritzekoa; bi ingurune arrunt desberdinen arteko muga izanik bietako biztanleak aurki bait genitzake bertan (izaki urtar eta lehortarrak, alegia). Aberastasun honek aukera handiak eskaintzen dizkie harrapakariei, eta horrexegatik, hauek ere ugari izaten dira ingurune hauetan.
Hegaztiei dagokienez, limikoloak dira ur-ertzetako ehiztari espezializatu adierazgarrienak. Talde honen baitan tamaina txiki eta ertaineko espezieak biltzen dira, normalean hatzamar laburrez hornitutako zango luzeak dauzkatenak, eta beren dieta ur axaletako hondoetan, edota ur-ertzetako lokatz eta hareetan aurkitzen dituzten ornogabeez osatzen da. Limikolo gehienak bestalde, iparralderago ugaltzen diren hegazti migratzaileak izaten dira, eta ondorioz, paseko sasoia denean asko ikus bagenitzake ere, espezie bakar batzuk besterik ez dira Euskal Herria habialekutzat hartzen dutenak.
Txirritxo txikia ( Charadrius dubius ) Europako limikoloetan txikienetarikoa dugu; 15 cm besterik ez bait du luzeran. Geldirik edo etzanda dagoenean itxura txaparra badu ere, ibilera azkarra du oso, eta ur-ertzean korrika dabilenean arratoitzat jo genezake. Gainerako txirritxoek bezala, alde dortsala arre grisa eta azpialde zuri garbia izaten ditu. Lepoko beltz nabarmenaz gainera, kopetean eta begien inguruan garrondoraino doakion marra ilun ikusgarria izaten du. Espeziearen ezaugarririk bereizgarriena ordea, begiaren inguruan duen eraztun hori bizia da. Era berean, hegan dabilenean, gainerako txirritxoek ageri dituzten hegal-arrasto zuririk ez duelako bereiz dezakegu.
Aipatu den legez, hegazti txiki hau ur-ertzetako hareatza, legartza, ibai eta aintzira edo urtegi-inguruetako alderdi harritsu eta lokaztuetan bizi da; bertan aurkitzen bait ditu bazkatzeko harrapatzen dituen intsektu, krustazeo eta molusku txikiak. Padura eta hondartzetan ere aurki genezake, baina normalean nahiago izaten ditu ur gezak gaziak baino, eta era berean, altitude baxuak bilatzen ditu, inguru menditsuetatik urrunduz.
Populazio urri batzuk penintsularen hegoaldean geratzen badira ere, txirritxo gehienek Afrikako eskualde tropikaletara jotzen dute negua bertan igarotzera. Udaberrian ordea, iparralderantz abiatzen dira berriro ere, eta apirilerako Euskal Herrian dira jadanik.
Arrak habia egiteko lurraldea aukeratu duenean, emearekin elkartu, eta txirritxoen eztei hegaldian hasten dira: batabestearen ondoan hegan dabiltzala, jira-biraka eta txioka aritzen dira, sasoiko grinak bultzatuta.
Habia beti ere legartza, harea zakarreko hondartza, edo lur harritsuetan egin ohi dute. Horretarako, arrak makina bat zulo edo “ontzi” antolatzen ditu zoluan, eta hauen barnean hartxintxorrak eta belartxoak egokitzen ditu hornidura gisara. Lan hau burutua duenean, emeak hauetariko bat aukeratu eta lau arrautza piriforme erruten ditu bertan. Habia lurrean dagoenez (inolako babes garbirik gabe), arrautza hauek kolorazio kriptiko nabaria izaten dute, eta ondorioz ikuskaitzak dira legar eta harea artean.
Txitaketa hogeitalau bat egunez luzatzen da, eta emeari dagokio denboraldi horretan habian egotea. Arra aldiz, zaindari-lanetan aritzen da bitartean. Etsairen bat hurbilduz gero, beronen eta habiaren artean kokatu, eta etsaia desbideratzen saiatzen da, aldi berean emeari arriskuaren berri emanez.
Habia lurrean egiten duten hegazti gehienetan gertatzen den moduan, txirritxoaren kasuan ere txitoak nidifugoak izaten dira, eta ahal bezain laster habia utzi, eta inguruko landare, harri edo legar artean ezkutatzen dira. Sasoi honetan beren kolorazio mimetikoa lagungarria dute oso, hegan egiteko gai izan artean. Egun gutxitan gainera, beren bazka bilatu eta harrapatzeko gai izango dira, eta baita igeritan egiteko ere. Hegan egiteko ahalmena lortzeko berriz, hiru aste behar izaten dituzte, baina maila horretara helduz gero, hegoalderako bide luzeari ekiteko ordua iritsia izaten dute.
Abuztuaren erdialdetik aurrera, txirritxoek gainerako migratzaile gehienek bezala, Afrikaranzko bidaia harrigarriari ekiten diote, gure latitudeetako neguko hotzetatik ihesi. Txirritxoek bidaia hau gauez burutu ei dute, eta dirudienez talde handitan gainera; gainerako txirritxo, txirri, kuliska eta beste limikoloekin biltzen bait dira ibilaldi zailari aurre egiteko.
Txirritxoa hegazti kosmopolita da. Edo bestela esanda, gaur egun duen banaketa zabalak ezer gutxi adierazten digu espezie honen jatorrizko banaketari buruz. Izan ere txirritxoa Europa osoan ugaltzen bait da: Baltikotik hasi eta Mediterranioraino (ipar-muturrean baino ez da falta). Iberiar penintsulan ia nonnahi aurki bagenezake ere, lurralde honetan dentsitate baxuz eta oso sakabanatua ageri da.
Euskal Herriari dagokionez berriz, udaberri eta udazkeneko paseetan arrunt ikusten den arren, ugaltzaile gisa urria dela esan behar da. Gure kostaldean habiagile finkotzat jo genezake, bai Txingudin eta bai Urdaibaiko itsasadarrean, eta seguru asko kostaldeko beste zenbait gunetan ere izan bide da habialekurik.
Itsasaldetik urruntzen baldin bagara ordea, hegoaldeko ibai eta urtegietara jo beharko dugu txirritxo ugaltzailerik ikusi ahal izateko. Araban Urrunagako urtegiaren ertzetan eta beronen inguruko ibai-bazterretan aurkitu izan dira. Baita Baia ibaiaren hegoaldeko bidean ere. Nafarroan berriz, erdialdeko eta Erriberako ibaien ertzetan, berrogeitamar bat bikote ugaltzailez osatutako populazio iraunkorra aipatzen zuten 1984.ean J. J. Iribarren eta A. Rodriguez ek. Dena dela, eta espeziearen mugikortasuna nahiz ezkutuan ugaltzeko gaitasuna dela eta, beronen ugal lekuak gehiago ere izan daitezke, behaketa zehatzek adierazten digutena baino gehiago, bai Araba eta Nafarroan eta bai kostalde guztian.
Fitxa teknikoa: TXIRRITXO TXIKIA |
Espeziea: CHARADRIUS DUBIUS Familia: KARADRIDOAK Ordena: KARADRIFORMEAK Klasea: HEGAZTIAK |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia