}

Txitxarrak eta zenbaki lehenak

2009/01/18 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

AEBko Maryland hiria txitxarrek hartzen dute 17 urtez behin. Lur azpitik milioika txitxar ateratzen dira. Bi hilabetez hiriko txoko guztiak bereganatu, eta belaunaldi berriaren arrautzak jartzen dituzte, eta, ondoren, denak batera hiltzen dira. Beste 17 urtean ez dira berriro agertuko. AEBko beste leku batzuetan gauza bera gertatzen da, baina 13 urtez behin. Hara! Bai 13, bai 17 zenbaki lehenak dira. Hori da hori kasualitatea! Ala ez?
Txitxar begigorriak 17 urte igarotzen ditu lur azpian; atera, ugaldu eta bi hilabetera hiltzen da.

Txitxar periodikoak Ipar Amerikako berezko espeziea dira. Txitxar periodikoen 6 espezie daude: hiruk 17 urteko bizi-zikloa dute eta beste hiruk 13 urtekoa. Intsektuen arteko bizi-ziklo luzeenak dituzte.

Lur azpian hasten da txitxar periodikoen bizitza; han, txitxar-ninfek zuhaitzen sustraietatik xurgatzen dituzte elikagaiak. 17 urte itxaron ondoren, milioika txitxar lurpetik ateratzen dira. Aste batzuen buruan, eme bakoitzak 400-600 arrautza jartzen ditu zuhaitzen hosto eta adarretan, eta, ondoren, hil egiten da. Txitxar txikiak 6-7 asteren buruan irteten dira arrautzetatik, eta irten bezain laster lurrera erortzen dira. Segituan lur azpian sartu, eta han pasatzen dituzte hurrengo 17 urteak.

Hori ikusita, zoologoen kezka zen zergatik pasatzen dituzten txitxarrek horrenbeste urte lur azpian. Eta, are misteriotsuagoa dena: zergatik da ziklo horien urte-kopurua zenbaki lehena?

Zenbaki lehenak

Bere buruaz zein bat zenbakiaz bakarrik zati daitezkeen zenbakiak dira zenbaki lehenak: 1, 3, 5, 7, 11, 13 eta 17, adibidez. Badirudi bizi-zikloaren urte-kopurua zenbaki lehena denean bizirik irauteko nolabaiteko abantaila lortzen dela.

Txitxar periodikoen sei espezieen banaketa geografikoa.

Teoria baten arabera, txitxar periodikoek bizkarroiren bat saihesteko garatu dute sistema hori. Eman dezagun bizkarroiak bi urteko bizi-zikloa duela. Txitxarraren bizi-zikloa biaren multiplokoa bada, modu erregularrean bat etorriko dira txitxarrak eta bizkarroiak.

Hala, txitxarrak bizkarroia saihestu nahi badu, bizi-ziklo luzea garatzea da estrategiarik onena. Bizi-zikloa luzea izateaz gain, zenbaki lehena denean, bizkarroiarekin topo egiteko probabilitatea gutxitu egiten da. Adibidez, txitxarraren bizi-zikloa 17 urtekoa bada eta bizkarroiarena 2koa, 34 urtez behin bakarrik egingo dute topo; eta bizkarroiaren bizi-zikloa 16 urtekoa bada, 272 urtez behin.

Bizkarroiaren aukerak

Zer egin dezake bizkarroiak txitxarrekin topo egin ahal izateko? Lehenengo aukera litzateke urtero agertzea. Hala, 17 urtez behin ziur egokituko litzateke txitxarrekin batera. Baina, egoera horretan, litekeena da bizkarroiak ez lortzea 16 urtez jarraian ugaltzea, agertzen den lehen 16 urteetan ez baita parasitatzeko txitxarrik egongo.

Lur azpitik ateratzean, txoko guztiak betetzen dituzte txitxarrek.
ML Frank/GraphicsCount.com

Bigarren aukera litzateke txitxarraren bizi-ziklo luze bera garatzea. Horretarako, belaunaldi batetik bestera gero eta bizi-ziklo luzeagoa izango lukete, eta, uneren batean, 16 urteko zikloa izatera iritsiko lirateke. Hori hala izanik, eboluzioaren une batean, 272 urtean ez lirateke bat etorriko txitxarrekin.

Bigarren aukera horrek argitu lezake txitxarren ustezko parasitoa zergatik ez den inoiz aurkitu. Izan ere, txitxarrarekin topo egiteko borrokan, litekeena da bizkarroiak bizi-zikloa luzatu izana, 16 urteen muga pasatu arte. Hala eginez gero, bizkarroiak eta txitxarrak ez lukete 272 urtean topo egingo, eta horrek suntsipenera bultzatu du bizkarroia.

Horren emaitza da 17 urteko bizi-zikloa duen txitxarra, nahiz eta ziklo hori ez duen beharrezkoa orain, bizkarroia jadanik ez da existitzen eta.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia