Txontaren mokoa
2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gene bat noiz aktibatzen zaion, itxura bateko edo besteko mokoa izaten du txontak. Horrek adierazten du dibertsitatea ez dela beti gene ezberdinak izatearen ondorio; gene berak une ezberdinetan aktibatuta, aldaketa handiak izan daitezke txoriaren itxuran.
Bizi den inguruaren arabera garatzen du txontak itxura bateko edo besteko mokoa. Zoruan bizi denak haziak jaten ditu, eta moko lodia du; kaktusetakoak, aldiz, nektarra edaten du, eta moko estua behar du. Horretaz jabetu zen Darwin Galapago uharteetan; hain zuzen ere, espezieen jatorriaren teoria argudiatzeko erabili zuen txorien mokoaren ezaugarrien eta banaketaren arteko lotura.
Mokoa era batean edo bestean nola garatzen duten aztertu dute orain biologoek, eta ikusi dute gakoa hazkuntza-geneetan dagoela. Hazkuntza kontrolatzen duten hamar geneetatik bakarrak zehazten du nolakoa izango den mokoa. Nahiz eta txonta guztietan genea bera izan, txori guztiek ez dute hazkuntzaren fase beretan espresatzen; ez dute garapenaren une berean aktibatzen, alegia.
Aurkikuntza horri esker, dibertsitatearen gaiari heltzeko modu berri bat aurkitu dute. Hurrengo galdera da nola aktibatzen den gene hori txori-mota bakoitzean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia