Txori iruzurgileak
2001/06/13 Elhuyar Zientzia
Araba-zozoak hegazti arruntak dira, baita Euskal Herrian ere: Euskal Herriko iparraldean araba-zozo pikarta ohikoa den bezala, isurialde mediterraneoan araba-zozo beltza da hedatuena. 21 cm luze diren arren, ez dira oharkabean egoten, talde handiak osatzen dituztelako eta, batez ere, oso zalapartatsuak direlako.
Ehunka araba-zozo espezie daude mundu osoan zehar, bai nekazal eremuetan baita hirietan ere, eta guztiek inguruko soinuak antzeratzeko dohain aparta dute. Adibidez, Madrilen araba-zozo batzuek semaforoek itsuentzako igortzen duten soinua imitatzen dute, eta Britainia Handiko Elkarte Ornitologikoak jakinarazi duenez, telefono mugikorren deiaren hotsa primeran egiten dute.
Adituen esanetan, araba-zozo arrek emea erakartzeko erabiltzen dituzte doinu horiek. Nonbait, zenbat eta doinu deigarri eta bereziagoa izan, orduan eta aukera gehiago du emea bereganatzeko. Zer ez ote dute asmatuko txori hauek bikotea aurkitzearren!
Irudiko araba-zozo pikartaren argazkiaren egilea: J.R. Aihartza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia