}

Txoriek hobeto egiten dute hegan sabela betea dutenean

2001/10/18 Elhuyar Zientzia


Jatordu eder baten ondoren sabela beteta dugunean ez da komeni igeri egitera uretan sartzea, baina hegan egitea bestelako kontua da. Ikerketa berri batek erakutsi duenez, txoriek hobeto egiten dute hegan sabela jakiz ongi beteta dutenean. Suediako Lund Unibertsitateko ikertzaile talde batek Siberiatik Afrikara urtero migratzen duten txirri lodiak ikertu ditu.

Aerodinamikaren arabera, pisu gutxiago duten txoriak hobeto moldatuko lirateke migrazioek eskatzen dituzten hegaldi luzeetan. Haize-tunelean egin dituzte esperimentuak txirri lodiekin, eta ikerketen emaitza bestelakoa izan da. Sabela hutsik zutela 6-10 orduz hegan eginarazi diete txoriei, eta gero urdaila erabat bete arte jaten eman ondoren, lan bera jarri diete. Sabela janariz ondo beteta izateak pisu horrek aerodinamismoan eragiten duen galera baino abantaila handiagoa dakar. Urdaila beteta duen txoriak energia-kantitate handia du eskura, eta ondorioz, hegaldi luzeetan indartsuago aurkitzen da.

Beste ikerketa batek hegaztiek migrazioetan hartzen dituzten V tankerako formazioak aztertu ditu, eta, taldean ongi antolatuta hegan eginez, energia-kantitate handia aurrezten dutela ikusi dute. V motako antolaketari esker haize-lasterrak sortzen dituzte eta haiekin aise planeatzen dutela ikusi da. Pelikanoek tropelean egiten dutenean hegan, % 11-14 energia gutxiago xahutzen dute. Talde bati begiz jarraituz gero, atzealdean doazen hegaztiek hegoak aurrekoek baino askoz gutxiago astintzen dituztela ikus daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia