Txorien kantuaren egitura konplexuak harritu ditu zientzialariak
2016/03/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kaskabeltz japoniarraren (Parus minor) kantua aztertuta, txorien komunikazioa ikertzaileek uste zutena baino konplexuagoa dela ikusi dute, gaur bertan Nature Communications aldizkarian argitaratu den lanaren arabera. Izan ere, kaskabeltzek hainbat oinarrizko nota erabiltzen dituzte kanturako, baina haiek konbinatuta esanahi anitzeko deiak sortzen dituztela ikusi dute, gizakiok ere hitz mugatu batzuekin esanahi desberdineko esaldiak sortzen ditugun bezala.
Komunikatzeko elementu-errepertorio mugatu bat izanik, haiek konbinatu eta esanahien kopurua handitzeari sintaxi konposizionala deritzo, eta orain arte giza mintzairan bakarrik antzeman da. Ikerketa horretan, aldiz, hegaztiek ere erabiltzen dutela konturatu dira.
Kaskabeltzen taldeko txoriek egitura konplexuko kantuak egiten dituzte, hainbat nota desberdinez osatuak (ikertzaileek A, B, C, D… deitu dituztenak). Hamar nota desberdin baino gehiago erabiltzen dituzte, bakarrik edo elkarren artean konbinatuta: ABC motako deia egiten dutenean, esaterako, predatzaileen arriskuaz ohartarazten dituzte kideak, eta D motakoa bikoteari gerturatzeko egiten dion deia da. Baina bi horiek konbinatuta esanahi desberdina har zezakeenik ezezaguna zen ikertzaileentzat.
Ikerketa egiteko, txorrotxioak grabatu eta noten hainbat konbinazio entzunarazi zizkieten kaskabeltzei, haien erreakzioak behatu ahal izateko. Halaxe jakin zuten txoriek desberdin ulertzen zutela ABC eta D, edo haien konbinazio ABC-D. Txoriek, ABC-D dei konbinatua entzuten zutenean, berehala horizontea arakatzen zuten predatzaileen bila, baina, gainera, bozgorailura hurbiltzen ziren ustezko bikotekidearen bila. Bestalde, deia artifizialki eraldatzen zenean (D-ABC), txoriek ez zuten ez bat, ez beste egiten. Horrek adierazten du notak konbinatzeak ematen duen informazioak arau zehatz batzuk jarraitzen dituela.
Ikertzaileek onartu dute lan honekin animalien komunikazioa uste zutena baino konplexuagoa dela ikusi dutela. Nahi izanez gero, hemen entzun ditzakezu ikertzaileek kaskabeltzak estimulatzeko erabili dituzten deiak:
--> ABC deia (arriskuaz ohartarazteko), ondoren D deia (bikotekidea gerturatzeko) eta, azkenik, ABC-D deia (arriskuaz ohartarazi eta aldi berean gerturatu dadin).
--> ABC-D sekuentzia naturala eta artifizialki eraldatutako sekuentzia (D-ABC).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia