}

Ubarroia lehiakide desleiala, batzuentzat

2005/01/01 Saiz Elizondo, Rafa - Itsas Enara Ornitologia Elkartearen lehendakaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lehiakidetzat hartu dute Europako arrain-haztegiek eta kirol-arrantzaleek. Presioa egin dute Europako Batasunean, eta hegaztiei dagokien arteztarauan gauzatu da presio hori: kontserbazioa bermatzeko neurri aktiboak behar dituzten hegaztien zerrendatik atera dute ubarroi handia.
P. Dubois

Gure zaharrek izen egokia jarri zioten: ubarroi, hau da, ur-erroi edo ur-bele. Eta beste hizkuntzetan ere bide bera erabili zuten uretako hegazti beltz hau izendatzeko. Izen zientifikoak ere — Phalacrocorax — horixe bera adierazten du.

Beraz, ubarroia beltza da, Europakoa behintzat. Izan ere, munduan badira beste 21 ubarroi-espezie, itsasoan bizi direnak gehienak, baina baita ur gezakoak ere, ur-masa handietan bizi direnak. Europan hiru espezie daude, eta Euskal Herrian horietako bi ikus daitezke, Europako mendebaldean bizi direnak, hain justu. Bata ubarroi mottoduna da, eta bestea ubarroi handia.

Hain zuzen ere, ubarroi handia ( Phalacrocorax carbo ) da saltsaren erdian dagoena. Erraz ezagutzen da oso ikusgarria delako arrantzan ari denean etengabe uretara sartu-irtenak eginaz, eta are ikusgarriagoa uretatik irten eta pausaleku egoki batean —zuhaitz baten adarrean edo txalupa baten brankan— hegoak zabalduta jartzen denean, eguzkitan edo haizetan lumak lehortzen.

Arrantzale paregabea

Ubarroia arrainjalea da, arrainjale espezializatua, gainera, ez baitu ia besterik jaten. Eta mokoaren parean jartzen zaion edozein arrain irensten du. Lan horretarako, alegia, arrantzarako, eboluzionatu du. Eta horregatik izaten dira liskarrak, arrantzaleek uste dutelako berea dena harrapatzen dutela ubarroiek.

Arrain-haztegietan ubarroiak jan ugari aurkitzen du, eta erraz harrapa daitekeena, gainera.
G. Bonnet

Esan bezala, Europan hiru ubarroi-espezie daude. Baina bi arrazatako ubarroi handiak daude. Arraza batekoak batez ere kostan bizi dira; Bretainian, Britainia Handian eta Irlandan ugaltzen dira eta negu-partea Iberian pasatzen dute, besteak beste, Euskal Herrian eta baita iparralderago ere. Beste arrazakoak Herbehereetan, Danimarkan, Baltiko inguruan, eta, barrualderago, Polonian, Alemanian eta inguruko herrialdeetan ugaltzen dira. Bi arraza diferente dira, bi populazio diferentetan banatuta.

Bigarren horren, alegia, arraza kontinentalaren populazioa behea jota zegoen, eta, horregatik, Europako Batasunak hegaztiei buruzko arteztaraua idatzi zuenean 1979an, lehenengo gehigarriko espezie-zerrendan sartu zuen. Hala, erabaki zuten, kontserbatu bakarrik ez, populazioak leheneratzeko neurri positiboak eta aktiboak ere hartu behar zirela.

Izan ere, ordura arte ehizatu egiten zen arraza kontinentaleko ubarroia. Eta, horregatik, lehenengo neurria ehiza debekatzea izan zen. Arraza horretako ubarroiak bizi diren herrialde asko oraindik ez zeuden EBn, eta ez zuten araua bete beharrik, baina Batasunean sartu ahala errespetatu behar izan zuten, automatikoki legal-xedapen guztiek indarra hartzen zutelako, eta hark ere bai. Beste neurri nagusi bat izan zen ugalketa-koloniak babestea, batez ere, Danimarkan eta Herbehereetan.

Ugaltzea komeni, baina ez gehiegi

Babes-neurri haiei esker, ubarroia ugaldu egin da inguru hartan. Aitzitik, akuikultura ere hazi egin da; batez ere ur gezako arrain-haztegiak asko ugaritu dira. Eta gatazkak lehenago edo geroago lehertu beharra zeukan, noski. Izan ere, ubarroiarentzako ez dago harrapakin errazagorik haztegiko arraina baino: ez da aske bizi den arraina bezain trebea eta azkarra ubarroiaren mokoari ihes egiteko —nolabait esateko, tontoagoa da—, eta, gainera, ubarroiak arrain piloa aurkitzen du putzu txiki eta itxi batean.

Arraza kontinentaleko ubarroi handiak irauteko babes-neurriak hartu behar izan ziren.
A. Leiza

Horregatik, arrain-haztegien jabeak kexaka aritu dira; ubarroia gehiegi ugaritu dela, eta kalte ekonomiko handia eragiten diela argudiatzen dute. Eta Europako Batasunak kexa horiei men egin die. Ondorioz, legez dagokion babesa izaten jarraitzen du arraza kontinentaleko ubarroiak, baina aurrerantzean ez da ekintzarik egingo kontserbazioa bultzatzeko. Berez, aldaketa horrekin ulertu behar da, ofizialki, ubarroi handiak ez duela kontserbazio-arazorik. Zerrendatik kendu denak ez behintzat, arraza kontinentaleko ubarroi handiak. Gainerako arrazak ez dira sekula izan zerrenda horretan.

Dena dela, lehenengo zerrendatik kendu izanak ez du esan nahi ehiza daitekeenik. Horretarako, arteztarauko ehiza daitezkeen espezieen zerrendan sartu beharko litzateke. Baina ornitologoak beldur dira hartu den erabakia ez ote den beste batzuen aitzindaria izango. Hau da, haztegien jabeen eta arrantzaleen presiopean, administrazioa ez ote den kontrol-kanpainak egiten hasiko, ubarroiak akabatuz.

Gainera ubarroia ez da arrantzaleen demonio bakarra. Koartzaren aurka ere sutsu jardun dute. Horri ere dagokion babesa kenduko diote? Zein ote hurrengoa? Zer gertatzen den zain geratu behar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia