}

Udako iragarpena: metano-ekaitza, Titanen

2006/07/27 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Titanek, Lurraren antzera, ibai-arroak, lakuak eta halako egiturak ditu, lehorrak itxura batera. Zerk sortuak? Udako metano-ekaitzek sortuak omen dira. Azalpen hori eman dute, behinik behin, Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikertzailek Nature aldizkarian, Ricardo Huesok eta Agustin Sanchez Lavegak, hain zuzen ere.

Bi ikertzaile horiek Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon duen Zientzia Planetarioen Taldean egiten dute lan, eta, Cassini-Huygens zunda Saturnoren ingurura iritsi zenetik, planetaren eta Titanen –haren satelite ezagunenaren– gaineko datuak aztertzen aritu dira.

Kalkuluen arabera, Titanen ikusten diren hodei dirdiratsuak metano-tantaz osatuta daude. Satelitearen Hego poloan uda da orain, eta tenperatura altuxeago horrek ekaitza lehertzeko energia ematen du. Horrenbestez, itxura batera, Titanen metanoak Lurrean urak duen eginkizun bera betetzen du; hau da, Lurrak uraren zikloa duen bezala, Titanek metanoaren zikloa omen du.

Argazkia: NASA/JPL/Space Science Institute.