Udal artxiboaren erakusketa Tolosan
1987/08/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Koordinazioa
Kaxa handi batzuetan pilatuta zeuden liburu eta plano guztiek, erakusketaraino iritsi arte bide luzea egin dute. Hautsa kendu zitzaienean, azkar jabetu ziren artxibariak materialaren garrantzi eta kalitateaz. Bertan azaldutako plano guztiak fitxatu zirenean sortu zen erakusketa egiteko asmoa. Baina, nola eta non egin?
Ekintza hau mila modutara era zitekeen, hau da, nolako arduraduna halako ideia sortu ohi da. Alvaro Subijana arkitektoaren eskuetan utzi zen antolaketaren koordinazioa. Honek burututako proiektua, talde-lanean oinarritu zen. Hortaz, sortutako emaitzak zenbait pertsonen eta estiloren koordinazioa behar zuen. Eta emaitza ederra lortu dutela uste dut. Kultur Etxea bera, bere espazioaren antolamendua, erakusgaien inguruko dekorazioa, giro-musika, katalogoak, bideo-pelikula, argia eta abar egoki koordinatzean datza erakusketaren ikusgarritasunaren gakoa.
Erabilgarritasuna
Zortzi milioi inguru kostatu den erakusketak helbururen bat eduki behar du. Erakusketa ikusteak asko laguntzen du helburuak hobeto ulertzen. 1840-1936 bitarteko Tolosako alderdi zaharreko plano, argazki eta zenbait proiektu dira erakusketan eskainitakoak. Garai hartan Tolosa Gipuzkoako industrigunea izan zen eta bere alderdi zaharrean egindako eraikuntza asko eta asko garai hartako araurik aurreratuenei (Pariseko arkitektoenei adibidez) jarraituz egin ziren. Eta gaur egun Tolosako alderdi zaharra gehiegi aldatu ez dela kontutan harturik, berritze- nahiz udal-lanetan oso erabilgarria suerta daiteke garai hartako planoak ezagutzea. Hortaz, ez ikerlariek edo ikasleek bakarrik; tolosarrek ere beren etxeetan berrikuntzei ekiten dietenerako oso informazio baliagarria aurki dezakete.
Azken iruzkinak
Esanak esan, erakusten den materialaren alderdi tekniko nahiz estetikoa aipatu beharra dago.
Planoetan neurketa-sistema bezala metroaren hedadura oso ongi ikus daiteke. 1840. urte inguruko planoetan "Gaztelako oinak" erabiltzen baziren ere, urte horretatik zenbat eta gehiago urrundu gero eta plano gehiagotan erabiltzen da metroa luzera-unitate gisa. Bestalde, plano gehienak koloreztatuta daude, zati desberdinak azpimarratuz. Bertan irakur daitekeen testua, kaligrafiazko letraz egina dago. Guzti hori medio, ez dut diferentzia handirik aurkitzen arte-koadro eta plano hauen artean.
Azkenik, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Tolosako Udaleko artxibariei, eman didaten informazioagatik. Tolosa 1898
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia