}

Udazkena oparoa

2004/10/05 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Panpa-belarra udazkenean loratzen den landarea da. Oso ikusgarria
da eta lorategietan erabiltzen da, baina badu alde txarrik: landare
inbaditzaile bilakatu da.

Udazkena uzta jasotzeko garaia izaten da: perretxiko eta onddoak, intxaurrak, babarrunak, sagarrak… eta abar. Batzuk berez ateratzen direnak dira eta beste batzuk guk aldatu edo ereindakoak.

Argazkiko kortaderia edo panpa-belarrak ere udazken-hasiera honetan botatzen du lorea, eta, ondoren, hazi ugari askatzen du. Ez da jatekoa, noski, baina oso deigarria eta oso polita jartzen da urte-garai honetan, bereziki lorategietan, ingurua txukun-txukun zaindua duela. Horretarako ekarria da, jatorriz Panpakoa den landare hau: lorategietako apaingarri gisa.

Baina azken urteotan edozein bide-bazterretan ikusten dugu, bereziki kostaldean. Eta alde txar horixe du: landare inbaditzaile bilakatu dela. Hau da, bertako landareei tokia kendu eta gailendu egiten zaie. Denborak esango digu benetako arazo bilakatuko ote den.

Argazkia: Eneko Imaz Amiano.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia