}

UGA kodoiaren ahalmen bikoitza

2009/01/13 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Euplotes crassus protozooan, UGA kodoiak bi aminoazido kodetu ditzakeela ikusi dute AEBko Nebraska Unibertsitateko ikertzaileek. Normalean, kodoi batek aminoazido bakarra kodetzen du. UGA kodoiak zisteina eta selenozisteina aminoazidoak kodetu ditzake, hain zuzen ere.

RNA mezulariaren katearen amaieran dagoen sekuentzia genetiko batean dago gakoa. Sekuentzia horrek begizta bat sortzen du RNA katean, eta erribosomak hori irakurtzean UGA kodoiaren mezua eraldatua irakurtzen du. Hori gabe kodoiak zisteina aminoazidoa kodetzen duela ikusi dute; horrekin, berriz, selenozisteina aminoazidoa.

Etorkizunean, ikertzaile-taldearen helburua da sekuentzia horrek zehazki UGA kodoia nola eraldatzen duen aztertzea, eta kodoi horren aldakortasun hori gainerako organismoetan gerta daitekeen edo ez ikustea.

Irudia: L. Klobutcher

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia