}

Ukimen artifiziala ahalbidetzen duen eskularru bat sortu dute

2019/05/30 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ukimen-artifiziala-ahalbidetzen-duen-eskularru-bat
Arg. MIT / CC-BY-NC-ND

Ukimen artifizialaren bidez objektuak identifikatzeko eta haiei buruzko informazioa jasotzeko balio duen eskularru bat sortu dute MITeko ikertzaileek. Oso baliagarria izan daiteke esku protesikoak eta robotikoak egiteko, besteak beste.

Pertsonok objektuak hartzeko eta sentitzeko gaitasuna dugu ukimenari esker. Ikasketa automatikoari esker, ikusmenean eta entzumenean asko aurreratu da azken urteetan, baina ez ukimenaren kasuan. Hain zuzen ere, egun robotikan ikusmen artifiziala aplikatzen da objektuak hartu eta manipulatu ahal izateko. Zentzumenen arteko desberdintasun hori datuen eskuragarritasunagatik da, neurri handi batean. Irudien eta soinuen datu mordoa dugu, eta datu horietatik ikasteko aukera dute makinek. Ukimen-datuak jasotzea, ordea, erronka da oraindik.

MITen sortu duten eskularruak hori alda dezake. 64 hari eroale ditu eskularruak ahurrean, 32 norabide batean eta 32 norabide perpendikularrean. Eta hariak gurutzatzen diren 548 puntuetako bakoitza indar-sentsore bat da. Hala, 26 objektu arrunt manipulatzean sortzen diren presio-mapak lortu dituzte. Eta informazio horri ikasketa automatikoa aplikatuta lortu dute 26 objektuak identifikatzea. Era berean, objektuan pisua kalkulatzea ere lortu dute, baita eskuaren jarrera desberdinak antzematea ere. Nature aldizkarian eman dute horren berri.

Aurrerapauso handia izan daiteke etorkizunean esku protesikoek eta robotikoek ukimena izan dezaten. Eta, epe motzagoan, baliagarria izango da ukimen-datuen multzo handiak sortzeko eta ukimen artifizialean ikertzeko. Gainera, edozein laborategitan erabiltzeko modukoa da, egiteko erraza baita, eta merkea (10 euro inguru).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia