Hatzen sentikortasuna imitatzen duen sistema
2013/05/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza azalaren sentikortasuna simulatzen duen material bat garatu du Estatu Batuetako Georgia Institute of Technologyko fisikari talde batek. Materialak kontaktuaren presioa bereizten du ukitzeko unean egiten duen presioaren arabera, presio horrek aldatzen baitizkio ezaugarri elektrikoak, oso zehaztasun handiarekin. Esku robotiko baten hatzek objektu bat hartzean egin beharreko indarra doitu ahal izango dute materialaren sentikortasun artifizialaren arabera.
Ideia ez da berria, baina sistema bai. Hatz naturalek sentikortasun handia dute, ukitzean azalaren ezaugarri elektrikoak aldatzen direlako, eta ohikoa izan da printzipio hori bera erabiltzea robotikan. Gakoa da aurkitzea zein ezaugarri elektrikok ematen duen zehaztasun handia presioaren neurketan.
Orain arteko sistemek ez dute arrakasta handirik izan, materialaren erresistibitatean oinarritu direlako. Materiala egiten ari den presioaren arabera, aldatu egiten da korronte elektriko bati egiten dion erresistentzia, eta beraz, parametro hori neurtuta doitu liteke presioa, beharraren arabera. Ideia ona zen, baina praktikan oso zehaztasun gutxiko emaitzak ematen ditu. Horrela sortutako ukimen artifizialak milimetro bateko bereizmena du kasurik zehatzenean.
Georgia Institute of Technology institutuaren konponbidea transistore piezoelektrikoen sare bat osatzean datza. Presioak eragindako korronte elektriko batek kontrolatzen du transistore bakoitzaren irteerako korrontea. Alegia, transistore bakoitzaren posizio jakin horretan dagoen presioak berak modulatzen du korronte elektrikoa. Fisikariek 8.400 transistorek osatutako sare bat egin dute azal artifizialean, bakoitza 1.500 nanohariz osatua, eta egitura horrekin 8.400 taxel —tactile pixel— dituen azal artifizial bat lortu dute. Ukimenaren bereizmena 20-50 mikrometrokoa da, hau da, sistema erresistiboak duena baino ehunka aldiz handiagoa. Eta, baliabide horiekin, azalak 10 kPa-ko presioa bereiz dezake, gutxi gorabehera hatzak ordenagailu baten teklatua sakatzean egiten duen presioa. Ez da hatz naturala bezain sentikorra oraindik, baina aurrerapena oso handia da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia