Ukitu gabe, artelanen muinera
2008/11/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Argiarekin jolasean
Argi ikusgaiaren eremuan, argazkigintza da beharbada artelanen azterketa zientifikoa egiteko teknika arruntenetako bat, eta oso erabilgarria da, gainera. Oro har, argazkigintzaren teknika hauek erabiltzen dira: argi intzidentearen bidez egiten diren zuri-beltzeko nahiz koloretako argazkiak eta arraseko argiaren eta argi igorriaren bidez ateratako argazkiak.
Arraseko argia erabiltzea argi-fokua objektuaren plano berean kokatzea da. Hala, argiak planotik kanpo dauden elementu guztiak argitzen ditu, eta artelana osatzen duten geruza guztien nolabaiteko informazio-mapa bat ematen du.
"Argi igorriaren kasuan, berriz, artelanaren atzealdean ezartzen dira argi-fokuak, eta gainazaleko pinturen berri ematen digun irudia jasotzen dugu guk" dio Ruiz-Ozaitak. Informazio ugari ematen du horrek. Izan ere, argi horrek objektu zeharrargitsuak ere zeharka ditzake, hein handi batean, baita arrailak, urradurak, galdutako zatiak edo zati gardenak dituzten objektu opakuak ere. Zenbait eremutan egon litezkeen krakeladuren edota altxatzeen berri ematen du, eta material ezberdinen artean sor daitezkeen tentsioen eta elkarrekintzen inguruko informazioa ere bai. Hala, artistak artelana nola egin duen azter daiteke, besteak beste.
Horretaz gain, artelanaren xehetasunak ezagutzeko, makroargazkigintza eta mikroargazkigintza erabiltzen dira. Bi horien arteko ezberdintasuna irudia handiagotzean datza. Makroargazkigintzan, irudi erreala hamar aldiz handiagotzea lor daiteke. Hala, interes espezifikoko xehetasunen behaketa, teknikaren eta materialen egoeraren azterketa eta tratamenduen eraginkortasunaren nolabaiteko kontrola egin daiteke.
Mikroargazkigintzan, berriz, makroargazkigintzan baino handipen handiagoak lortzen dira. Azken finean, batek zein besteak margoen egituraren berri ematen dute maila makroskopiko eta mikroskopikoan.
Ikusezina
Espektro ikusgaitik at, argi ultramorea, infragorria eta X izpiak ere erabiltzen dira ondare artistikoa zaintzeko. "Artelana argi ultramorearekin argiztatzeko, Wood lanpara erabiltzen dugu, eta argiztapen horrek hamaika tonutako fluoreszentzia eragiten du objektuaren gainazalean. Guk tonu horiek aztertzen ditugu" dio Ruiz-Ozaitak. "Tonu horiek batez ere bernizei buruzko informazioa ematen digute, eta orban ilun gisa ikusten ditugu guk. Azken finean, orban horiek artelanak urteetan zehar izan dituen ukituen berri ematen digute". Ukitu horiek koadroetako pertsonaien eskotea zertxobait txikitzeko edota biluziak estaltzeko erabiltzen dira, besteak beste.
Infragorri-erreflektografian, berriz, artelana lanpara gori batez argitzen da, eta infragorriko espektroa jasotzen da. Objektuak islatutako erradiazioa argi infragorriekiko sentikorra den sistema batek detektatzen du, eta irudi ikusgai bihurtzen du. Sistema horri videcon deritzo, eta erreminta horrek bihurtzen du, hain zuzen ere, ikusgai artelanaren espektro infragorria. Irudi ikusgaia pantaila batean jasotzen da. Horixe da infragorri-erreflektrograma. Metodo horren bidez, ez da sekula artelanaren barrualdeko egitura ezagutzen, argi infragorriak ez baitu objektuen barreneraino sartzeko ahalmenik. Dena den, hainbat pintura-geruza zeharka daitezke. Hala, besteak beste, artelanaren ekoizpen-prozesu osoa ezagutzeko aukera dago.
Artelanaren barrenak ezagutzeko, X izpiak erabiltzen dira. "Esaterako, Lipchitz-en igeltsu horren bolumena nahiko handia da, eta teknikoki hutsune ireki asko ditu (igeltsua material hauskorra da). Kasu horretan, interesgarria da oso artelan horren barrualdean zer ezkutatzen den jakitea. Horretarako, X izpiak erabiltzen ditugu" dio Ruiz-Ozaitak.
Izan ere, X izpiek barru-barruko informazioa ematen digute, barneratze-ahalmen handienetarikoa duten izpiak baitira. Zeharkatu beharreko materialaren pisu atomikoaren arabera, barruragoko edo azaleragoko informazioa jasotzen dugu X izpien bitartez.
Zurezko artelanen kasuan, esaterako, artelan hori zenbait panelez osatuta dagoen, euskarria osatzen duten elementuen artean lotura metalikorik dagoen, edota elementu osagarririk duten esaten dute X izpien azterketek.
"Lipchitz-en artelan horretan, adibidez, ikusi dugu material metalikoa duela barrualdean artelanak. Horrek beste zenbait gauza ulertzeko balio izan digu" gehitu du Ruiz-Ozaitak. "Besteak beste, artelanean oxidatuta azaltzen diren zenbait eremuren zergatia ulertu ahal izan dugu. Izan ere, oxidazio horrek barrualdeko egitura-elementu batean duela jatorria ondorioztatu dugu".
X izpien bidez lortzen den erradiografiak artelan horri buruzko informazio baliotsua ematen du, aplikatu beharreko tratamendua proposatzeko. Garai bateko artelanen kasuan, erradiografia horiek artelanak izan dituen aldaketen, hark izandako konponketen eta abarren berri ematen dute. Alegia, artelanaren egiturari buruzko informazioa ematen dute, eta hori ezagutzea ezinbestekoa da edozein artelanen kalteak azaltzeko orduan.
Azken finean, teknika horien guztien helburua da ahalik eta esku-hartze txikienarekin artelanak kontserbatzea. "Teknika ez-suntsitzaileekin lortutako informazio guztiak artelanen kontserbazio-egoeraren balorazioa egiten eta kalteak zenbatzen laguntzen digu. Alegia, oro har, informazio hori abiapuntutzat hartuta proposatzen dira artelan bakoitzarentzako tratamendu egokiak".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia