Ultrasoinu-uhinek airean jartzen dituzte metal astunak
2002/08/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ultrasoinuak baliatuz, merkuriozko eta iridiozko bolatxoak lebitaraztea lortu dute Txinan dagoen Xi’an-go Ipar-ekialdeko Unibertsitate Politeknikoko zientzialariek. Kontuan izan behar da merkurioa eta iridioa dauden likido eta solido astunenak direla hurrenez hurren; beraz, ez da batere erraza airean jartzea ultrasoinu-uhinen bidez.
Garrantzi handiko lorpena da; izan ere, material batzuk hain korrosiboak edo beroak direnez, hodiak eta edukiontziak hondatu edo urtu egiten dituzte. Hori dela eta, material horiek ezer ukitu gabe garraiatzeko sistemaren baten bila zebiltzan ikertzaileak. Lebitazio akustikoa irtenbideetako bat izan zitekeen arren, oso mugatua zen, material arinak besterik ez zituelako airean jartzen, ura eta pisu gutxiko material organikoak, esaterako.
Orain, zientzialari txinatarrek pauso handia eman dute eta, ultrasoinu-uhinen igorle bakar batez, solido astunenaz egindako bolatxoa lebitaraztea lortu dute. Hori baino lehen, 130 igorle behar izan zituzten urre-tantatxo bat airean edukitzeko. Gakoa igorlearen diseinua aldatzea izan da: igorle laua edukiontzi ahur baten hondoan jarri dute. Hartara, ultrasoinu-uhinek edukiontziaren paretetan errebotatu eta haien eragina indartu egiten da. Horrela, kuxin soniko iraunkorra eta indartsua lortzen da, metal astunena ere lebitarazteko modukoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia