}

Ultrasoinuak, gizonezkoentzako antisorgailu?

2010/06/13 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Preserbatiboa eta basektomia dira gizonezkoentzako antisorgailurik ezagunenak. Baina zientzialariek lanean jarraitzen dute, pauso gehiago eman eta aukera berriak lortzeko. Metodo merkea, garbia, iraunkorra, erabat itzulgarria eta ez-hormonala garatu nahian dabiltza Ipar Karolinako Unibertsitatean. Gakoa? ultrasoinuak baliatzea.
Oraindik ere, gizonezkoentzako antisorgailurik ezagunenak preserbatiboa eta basektomia dira.

Badirudi orokorrean kirol-medikuntzan eta fisioterapia-zentroetan erabilera terapeutikoa duten ultrasoinu-tresnak medikuntzako beste esparru batera bideratu nahi dituztela orain. Ernalketa galarazteko metodo gisa aurkeztu ditu Ipar Karolinako ikertzaile-talde batek, eta aukera bideragarria izan daitekeela iritzi diote beste hainbat adituk ere.

Hain zuzen, nabarmendu dute emakumeentzat antisorgailu-mota ugari eta gizonezkoentzako, berriz, gutxi eskaintzen dituela merkatuak, eta, beraz, harrera beroa egingo litzaiokeela egun proposamen horri, desoreka berdintzeko bidean urrats esanguratsua izango litzateke eta. Etorkizunera begira izan dezakeen garrantziaz jabetuta, gainera, oraintsu AEBko erakunde ezagun batek beka bat eman dio proiektuari.

Teknika berria ez da garatu oraindik, eta lehenbiziko frogak laborategiko arratoiekin baino ez dituzte egin. Nolanahi ere, orain arte lortutako emaitzekin pozarren daude ikertzaileak, ultrasoinuen bidez animalia horien esperma agortzea lortu baitute. Bi dosi behar izan ziren hori lortzeko, 48 orduko tartearekin aplikatuta, eta arratoiek ugalkortasuna galdu zuten gutxienez sei astez.

Saiakerak egiten eta teknika doitzen jarraitzen dute ikertzaileek, metodoa ahalik eta eraginkorrena eta seguruena izan dadin. Haien ustez, helburu hori lortuz gero gizonezkoek ultrasoinuen bidezko hamar minutuko tratamendu edo saio bakar batekin sei hilabeterako antisorgailu “guztiz fidagarria” lortuko lukete.

Irudian laborategiko arratoiekin egindako esperimentuaren emaitzak ikus daitezke. Ezkerrean ageri den barrabiletako tubulu seminiferoari ez zaio ultrasoinua aplikatu; eskuinekoari, aldiz, bai (espermarik gabe dagoela ikus daiteke). (Argazkia: UNC, Ipar Karolinako Unibertsitatea).

Finean, soinu-uhin ultralaburrak baliatzean oinarritzen da AEBko ikertzaileek proposatu duten teknika hori. Ultrasoinuek beroa sortzen dute, eta barrabilen tenperatura igotzean, antza denez, esperma sortzen duten zelulek ez dute beren funtzioa betetzen. Esperimentuetan tratatutako arratoien barrabilen irudietan, tubulu seminiferoak (semena jariatzen edo eroaten duenak) espermarik gabe ageri dira. “Eta testikuluak esperma gehiago sortzen ez duenean eta esperma-erreserbak agortu egiten direnean, ezinezkoa da ugalkor izaten jarraitzea”, nabarmendu dute Ipar Karolinako ikertzaileek.

Urratsez urrats

Laborategiko arratoiekin egindako saioak datorren urtean gizonezkoekin egin nahiko lituzkete proiektuaren arduradunek. Baina metodoak epe luzera izan ditzakeen ondorioak ez omen daude argi oraindik, eta litekeena da prozesua urte batzuez behintzat luzatzea, betiere onespena ematen baldin bazaio.

Photoxpress—Ricardo Verde Costa

Eraginkortasunaz gain, metodoa ziurra ote den egiaztatu beharko dute lehenbizi. Orain arteko ondorioen arabera, espermatozoideen ekoizpena aldi baterako etetea lortuko lukete, gerora bestelako inongo kalterik eragin gabe —sei hilabeteren ostean gizonezkoak ugalkor izateko gaitasuna berreskuratuko omen luke, eta espermaren kalitatea ere ez omen litzateke kaltetuko—. Baina argitu beharreko kontu ugari dago oraindik bide horretan. Besteak beste, ez dakite zehatz gizonezkoek behin betiko inpotentzia garatu ez dezaten zenbat ultrasoinu-saio, eta zein maiztasunekin, aplikatu beharko litzaizkiekeen.

Deigarria ez ezik, metodoa merkea eta erraza ere badela diote ikertzaileek. Baina lanean jarraitu beharko dute. Bestalde, helburua lortuko balute ere, ikusteko dago gizonezkoek erabiliko ote duten.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia