Ultrasoinuak ur-soinua gainditzeko
2006/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Illinoisko Unibertsitateko ikertzaileak erabat harrituta gelditu dira ikustean Txinako uharretan bizi den belarri ahurreko igel bat ultrasoinuen bidez komunikatzen dela, saguzarrak, itsas ugaztunak eta zenbait karraskari bezala.
Lehen aldia da komunikatzeko era hori ikusten dutena ugaztuna ez den beste animalia batean, baina ezin da ukatu igelarentzat erabat komenigarria dela horretarako gai izatea, bestela zailtasunak izango bailituzke uharretako ur-soinua gainditzeko.
Ultrasoinuak jasotzeko belarri egokia du gainera, barnerantz sartuta baitauka. Hortik datorkio izena, noski. Izen zientifikoa, berriz, Amolops tormotus da, eta Nature zientzia-aldizkarian argitaratu dute hari buruzko lana.