}

Ultzera sakonean

2005/11/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Abenduaren 10ean banatuko dituzte Nobel Sariak Stockholmen. Urtero, garrantzia handiko ekarpenak egin dituzten gizon-emakumeak saritzen dituzte, eta, aurten, Fisiologia edo Medikuntza arloan, jende askoren kezka argitzeaz arduratu diren bi ikertzaile sarituko dituzte: Barry J. Marshall eta J. Robin Warren. Bien lanari esker, sendagileek gaur badakite urdaileko eta duodenoko ultzerak bakterio batek eragiten dituela, eta, ondorioz, antibiotikoak egokiak direla ultzerak tratatzeko.
Ultzera bakterio batek sortzen duela frogatu zuten arte, estresa jotzen zen errudun nagusitzat.

Warrenek eta Marshallek ultzerak bakterio baten erruz sortzen direla frogatu zuten arte, medikuek uste zuten estresaren, bizimodu desegokiaren eta janari minen ondorioz azaltzen zela gaitza. Eta, zalantzarik gabe, faktore horiek ez dira mesedegarriak ez urdailerako ez gorputz osoko osasunerako. Baina ez dira horiek eragile nagusiak, bakterio bat baizik: Helicobacter pylori bakterioa, hain zuzen.

Warrenek aurkitu zuen lehen aldiz bakterioa. Warren 1937an jaio zen, Australian, eta han egin zituen medikuntza-ikasketak. Melbourneko ospitalean jardun ondoren, Australia mendebaldeko Perth ospitalera joan zen lanera. Han ari zela, 1979an konturatu zen lehen aldiz bakterio oker bat zegoela urdail-mukosaren biopsia batean.

Batek bidea hasi, biek egin aurrera

Warren konturatu zen lehen aldiz bakterio oker bat egoten zela ultzera zuten pazienteen urdail-mukosaren biopsietan.
(Argazkia: www.helico.com.au)

Hurrengo bi urteetan, biopsia ugari aztertu zituen, eta ia beti aurkitu zuen bakterio hori gastritisa edo urdaileko hantura zuten pazienteen biopsietan, eta baita ultzera zutenenetan ere. Beraz, bakterioaren eta gaitz horren artean lotura zuzena zegoela ondorioztatu zuen.

Gainerako sendagileak, ordea, ez zetozen bat Warrenen ondorioekin. Izan ere, urdaileko inguruneak 2ko pH-a du. Horrek esan nahi du izugarri azidoa dela, eta uste zuten ezinezkoa zela mikroorganismorik haztea ingurune hain azidoan.

Warrenek, ordea, bereari eutsi zion, eta bakterioa eta haren eragina aztertzen jarraitu zuen. 1981ean Marshall ezagutu zuen, eta, handik aurrera, elkarrekin aritu ziren lanean. Marshall ere australiarra da, 1951ean jaioa, eta, Warrenen ikerketen berri izan zuenean, bide onetik zihoala susmatu zuen.

Hala, bien artean bakterioa isolatu eta laborategian hazi zuten, eta ordura arte ezagutzen ez zen espezie bat zela ikusi zuten. Helicobacter pylori deitu zioten. Horretaz gain, frogatu zuten erlazio zuzena zegoela bakterioaren eta ultzeren artean. Hain juxtu, Helicobacter pylori bakterioak eragiten ditu urdaileko ultzeren % 80 eta duodenokoen % 90.

Marshallek eta Warernek esperimentu ugari egin zituzten H. pylor i bakterioaren eta ultzeraren arteko lotura frogatzeko. Nabarmentzekoa da horietako batean Marshallek bere burua erabili zuela esperimentatzeko. Nahita bakterioa hartu zuen, gaixotzeko asmoz, eta nahi zuena lortu zuenean, hau da, gaixotu zenean, antibiotikoak hartu zituen. Eta sendatu egin zen!

Infekzio hedatua

Helicobacter pylori bakterioak gizakiari bakarrik erasotzen dio, eta jende asko dago infektatuta. Batez ere, garatze-bidean dauden herrialdeetan dago hedatuta; ia heldu guztiek dute bakterioa urdailean. Bi eta zortzi urte bitarteko haurren % 10 infektatzen da urtean; hala, hamar urte inguru dutenerako, ia denek dute infekzioa.

Infekzioa oso hedatuta dago, batez ere garatze-bidean dauden herrialdetan.

Aldiz, infekzioa ez dago hain zabalduta herrialde garatuetan. Batez beste, populazioaren erdia dago infektatuta, baina batik bat 60 urtetik gorako lagunak eta maila sozio-ekonomiko apalekoak.

Ikertzaileek oraindik ez dakite seguru nola kutsatzen den. Ustez, gorotzen arrastoak dituzten janarien edo uraren bitartez transmititzen da, baina ahotik ahora ere kutsa daitekeela susmatzen dute. Izan ere, infektatutakoen % 30ek bakterioa dauka hortz-plakan, eta, beraz, baliteke musuen bidez ere transmititzea, adibidez.

Nolanahi ere, bakterioa duten guztiek ez dute gaitza garatzen; infektatutako % 10-15ek bakarrik izaten dute noizbait ultzera edo gastritisa. Bestalde, Helicobacter pylori ez da eragile bakarra, botika batzuek ere eragiten baitute ultzera, adibidez, aspirinak eta hanturaren aurkako botika ez esteroidalek.

Ondo egokitutako bakterioa

Helicobacter pylori bakterioa bereziki egokituta dago urdaileko ingurune azidoan bizitzeko. Kontuan izan behar da egunean bi litro urin gastrikok baino gehiagok bustitzen dutela urdaila. Urin gastrikoak digestio-entzimak eta azido klorhidriko kontzentratua ditu, eta, horri esker, janari gogorrenak desegin eta birusak eta bakterioak suntsitzen ditu. Bat izan ezik.

Urdaileko guruin bat
(Argazkia: www.helico.com.au)

Urin gastrikoak urdaila bera ere digeritzeko ahalmena izango luke urdailak babesik izango ez balu. Ondo babestuta dago, ordea, muki-geruza mehe bat baitauka urdail-pareta osoa estaliz. Horrek eragozten dio likido azidoari paretako zelulak desegitea, eta hortxe babesten da Helicobacter pylori bakterioa.

Mukian babestuta dagoela, bakterioak giro basikoa sortzen du bere inguruan, ingurunean dagoen azidotasuna neutralizatzeko. Horretarako, entzima bat dauka, ureasa. Ureasak urin gastrikoan dagoen urea zatitzen du, eta bikarbonatoa eta amonioa sortzen dira, biak ere oso basikoak. Erreakzio hori garrantzitsua da diagnostikorako, posible baita ahotik botatzen den arnasan detektatzea.

Horretaz gain, beste abantaila bat ere ematen dio Helicobacter pylori bakterioari mukian ezkutatuta egoteak: gorputzaren immunitate-sistemak ezin du hara iritsi. Izan ere, gorputzak infekzioari erantzun egiten dio, zelula espezializatuak (T zelulak) eta beste agente batzuk bidaliz, baina ezin direnez mukian sartu, hil egiten dira.

Gorputzak, hala ere, borrokan jarraitzen du, eta zelula espezializatuak elikatzeko gaiak ere bidaltzen ditu, baina bakterioak aprobetxatzen ditu. Egun gutxiren buruan, hantura (gastritisa) azaltzen da, eta, batzuetan, baita ultzera ere. Hainbat ikertzaileren ustez, baliteke bakterioak ez eragitea zuzenean ultzera, baizik eta hanturaren ondorio izatea.

H. pylory -rekin erlazionatutako gaitzak

Infektatutako asko asintomatikoak dira, baina ultzera duten gehienak infektatuta daude.

Bakterioa bera eragile zuzena izango ez balitz ere, frogatuta dago erlazio estua dagoela bakterioaren eta urdaileko hainbat gaixotasunen artean. Eta, hala ere, infektatutako askok ez dute batere sintomarik. Horietan ez da bakterioaren aurkako tratamendurik egiten, infektatuaren senideren batek urdaileko edo digestio-aparatuko minbizia duen kasuetan izan ezik. Izan ere, antibiotikoak barra-barra erabiliko balira, bakterio erresistenteak sortzeko arrisku handia legoke.

Infektatutako asko asintomatikoak dira, baina ultzera duten gehienak, berriz, infektatuta daude. Batzuek urdaileko ultzera izaten dute, eta beste batzuek, duodenokoa. Duodenoa heste meharraren lehen zatia da, eta urdailaren bukaeratik 2-5 zentimetro beherago dago.

Duodenoko ultzera antiazidoekin tratatzen bada, botikak hartzeari utzitakoan, berriro agertzen da. Aitzitik, antibiotikoen bidez Helicobacter pylori bakterioa desagerrarazten bada, ultzera erabat sendatzen da . Horrek argi erakusten du erlazio estua dagoela ultzeraren eta bakterioaren artean.

Aspirina eta antzeko botika gehiegi hartzeagatik sortzen dira ultzeren % 30.

Urdaileko ultzeren kasuan, berriz, gerta liteke antibiotikoak alferrikakoak izatea. Hain zuzen ere, gehienetan bakterioarekin lotuta dauden arren, ultzeren % 30 aspirinaren moduko botikek eragindakoak dira. Eta, azken horietan, antibiotikoek ez dute ezer konpontzen. Horregatik, tratamendua ezarri aurretik, diagnostikoa egin behar da beti.

Bestetik, linfoma-mota bat eta urdaileko minbizia garatzeko arriskua areagotzen ditu ultzera kronikoak. Eta, hain justu, heriotza gehien eragiten duten minbizien artean, bigarren tokian dago urdailekoa. Hala ere, azken urteetan asko gutxitu dira urdaileko minbizi-kasuak, tratamendu egokiak direla medio.

Ezin da ukatu, medikuntzak asko zor die Marshall-i eta Warren-i. Haiei esker, orain sendagileek badakite antibiotikoak eraginkorrak direla ultzerak sendatzeko. Bide batez, bakterioa suntsituz gero, beste gaixotasun batzuk azaltzeko arriskua gutxitu egiten da. Beraz, ondo merezitako saria jasoko dute abenduan, bai horixe!