Ume txikientzat Tifusaren kontrako txerto eraginkorra
2001/04/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Tifusa kutsatutako uren eta kutsatutako norbaiten eskuetan ibilitako jaki eta edarien bidez transmititzen da. Indian oso ohiko gaitza da, baita Asia osoan, Hego Amerikan eta Afrikan ere. Txerto berriarekin bi arazori aurre egin ahal izango zaio, ohiko txertoa ez delako gomendagarria 6 urte baino gutxiago duten umeentzat eta herrialde askotan, gainera, patogenoa txerto horiekiko erresistente egin delako.
Ikerketa Vietnamen egin da, Mekong ibaiaren deltan dagoen Dong Thap probintzian. Han, 100.000 umetatik 413k tifusa harrapatzen du urtero (500ean dago Asiako batez bestekoa). Txerto berria 5.525 umeri ipini zitzaien eta lau besterik ez ziren tifusarekin kutsatu. Ohiko txertoek txertatutakoen % 70 babestea lortzen du. Honek, berriz, % 90eko eraginkortasuna du eta ume txikientzat ere balio du, albo-ondorio gutxiago baitu.
Ikerketa egin duen taldeak meningitisa sortzen duen B motako Haemophilus influenza bakterioaren kontrako txertoa asmatu zuten orain 5 urte, eta oraingoan ere orduko teknika bera erabili dute. Bakterioaren kanpo-kapsulari umeen sistema immunologikoak erraz ezagut dezakeen proteina bat atxikitzen diote, bakterioak oraindik garatzen ari den sistema immunologikoari ihes egin ez diezaion. Meningitisaren aurkako txertoa oso eraginkorra suertatu da eta, egun, B motako Haemophilus influenzak sortutako meningitis-kasuak oso urriak dira txertoa jaso dutenen artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia