}

Umeak eta diabetea

1997/07/01 Urkizu, Urtzi | ZETIAZ - Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela hiru urte informatikari- eta mediku-talde bat sistema aditu bat sortzeko proiektuan hasi zen lanean. Gaixoei eta medikuei datuak biltzeko eta erabiltzeko erraztasun guztiak eman nahi zaizkie lan honekin. Informatikarien taldea koordinatzen Juan Manuel Pikaza aritu da. Medikuen taldeko burua, aldiz, Luis Aldamiz-Etxeberria pediatra da. Azken honekin izan gara ume diabetikoei buruz eta sistema honek ekar dezakeenaz gehiago jakiteko.

ZETIAZ-Elhuyar : Umeen diabeteak zein berezitasun ditu?

Luis Aldamiz-Etxeberria: Umeen diabeteak duen ezaugarri nagusia, normalean umeari, helduari ez bezala, duen glukosa-maila kontrolatzen ikastea gehiago kostatzea da. Odolean duen glukosa-kantitatea orekatuta mantentzen ez bada, horrek bere osasunean eragin kaltegarriak sor ditzake.

Z.-E. : Tratamendua ere berdina al da?

L.A.E : Tratamendua beti da faltan dagoen hormona hori ematea, intsulina aplikatuz. Umeak jaten duenaren arabera intsulinaren kantitatea aldatu egiten da. Baita kirol asko edo gutxi egiten badu ere. Gorputzaren barruan erloju perfektua dago horren kontrola eramateko. Guk intsulina aplikatzen dugu odoleko glukosa orekan manten dezan.

Otorduak baino lehen aplikatzen zaie umeei intsulina injekzioen bitartez. Helduek, aldiz, pilulak hartzeko aukera dute.

Z.-E. : Diabetea duten umeek bizimodu normala egin dezakete?

L.A.E : Oro har erabat bizimodu normala izan dezakete umeek. Baina kontrola eraman behar dute, injekzioak hartu behar dituzte eta odoleko glukosa ere neurtu egin behar dute. Antzeman egin behar diote behatz-puntan ziztada txiki batzuk eginez. Izan ere, horrela jakin dezakete zehatz-mehatz zenbat intsulina aplikatu behar duten.

Z.-E. : Zein da Euskal Herriko egoera? Zenbat haur daude diabetearekin?

L.A.E : Zaila da gaixoen kopuru zehatzak kalkulatzea, baina gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 160-170 ume inguru daude diabetearekin. Portzentaiatan, berriz, Europako zenbakien antzekoak ditugu (mila umetik ume diabetiko bat).
Laguntza medikoari dagokionez, nahikoa kalitate onekoa dela esan dezakegu eta herrialde aurreratuenekin parekaturik gaude.

Z.-E. : Zer berrikuntza izan dira azken urteetan medikuntzan gaixotasunari aurre egiteko?

L.A.E : Benetako aurrerapenak intsulinaren ingurukoak dira. Lehen txerritik ateratzen zen intsulina, baina orain injinerutza genetikoaren bitartez giza intsulinaren “kopia” lortu dute. Manipulazio genetikoari eta laborategietako esperimentuei esker, gaur egun intsulina berriak lortu dituzte, lanean noiz hasten diren eta noiz bukatzen duten jakin ahal izateko. Haurrentzat hain mingarriak ez diren injekzioak ere asmatu dituzte.

Z.-E. : “DIABETES-I” sistema adituarekin zein abantaila izan ditzakete gaixoek nahiz medikuek?

L.A.E : Sistema hau bi alorretan bereiz dezakegu. Alde batetik, ume diabetikoak egunero erregistro-orri batean hartzen duen intsulina apuntatu behar du derrigorrez, intsulina-kantitatearen aldaketak eta glukosa-mailarenak egunean eramanez. Beraz, datu ugari hartu behar izaten ditu pazienteak.

I.Nogeras

Bestalde, medikuarengana hiru hilabetean behin edo joango da eta medikuek nahikoa lan nekagarria izaten dute hainbeste egunetako datuak irakurtzen eta interpretatzen. Sistema honen bitartez, umeak eroso sar ditzake datuak bere etxeko ordenadorean eta programa honek datuen araberako informazioa ematen dio. Horrela, kontsulta-eguna iristen denean medikuak ez du kalkulu matematikoak egiten egon behar eta kontsulta askoz ere eraginkorragoa izaten da.

Z.-E. : Horrelako sistema adituez baliatzen diren beste esperientziak ezagutzen al dituzu?

L.A.E : Bai, duela gutxi EEBBetako konpainia batek antzeko sistema bat jarri du merkatuan. Hala ere, nahikoa zaila da oraingoz ospitaletan horrelako sistemak aplikatzea, gaurkotzea eta martxan jartzea, kostuak oso altuak baitira. Guk hiru urte daramatzagu proiektu honetan eta sistema burutua dagoen arren, lana ez da hor amaitzen eta orain aplikaziora pasatzea falta da. Dena dela, era honetako sistema adituak arrakasta izateko aukera gehiago du duela urte batzuk baino. Orain, umeek oso erraz erabiltzen dituzte ordenadoreak eta ziurrenik helduek baino beldur gutxiago izango dute sistema hauek erabiltzeko. Denbora beharko da horrelako sistema aplikatzeko, baina gurea ez bada, besteren bat izango da.

Z.-E. : Diabetea noizbait sendatuko dela uste al duzu? Zein da gaixotasunaren etorkizuna?

L.A.E. : Etorkizunari begira, ikertzaileek erronka jakin batzuk dituzte. Pankreasen ebakuntzaz hitz egiten ari da, adibidez, baina horrek duen arazoa hil eta gero pankreasa oso bizkor desegitea da. Transplantearen ondoren, gainera, organoa errefusa dezake hartzaileak.

Beste aukera bat manipulazio genetikoa izan daiteke. Intsulina genetikoki manipulatuz gaixotasunari aurre egiteko aukera handiagoa egongo litzatekeela uste da.

Z.-E. : Gaur egun, hala ere, zerbait aurreratu dela iruditzen zaigu. Duela urte batzuk baino kontrolatuagoa ez al dago?

L.A.E. : Kontrolatuagoa egon badago, baina oraindik oso gaixotasun problematikoa dela esan daiteke. Lehen umeentzat gaixotasun hau larriagoa zen, baina orain intsulina-injekzioei esker ez da horrenbestekoa. Helduei dagokionez, 60 urtetik gorakoei diabeteak beste osasun-arazo batzuk ekar diezazkieke eta beste gaixotasun batzuk hartzeko arriskua ere badute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia