Umeen ikusmen zorrotza
2002/05/17 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ikerketa hori gizakien aurpegiak bereizteko edo aurpegi-espresioak antzemateko zailtasunak dituzten helduei irtenbide bat aurkitzeko hasi zuten. Azterketak egiten hasi bezain laster, umeek sei hilabeterekin tximinoen aurpegiak gizakienak baino hobeto bereizten dituztela ohartu dira. Haurrak heltzen joan ahala pertzepzio-abildade hori galtzen joaten dira, eta gizakien aurpegiak bereizten ikasten saiatzen dira batik bat.
"Garuna da aurpegiak bereizteko baliabideak ematen dituena" Charles Nelson estatubatuar irakaslearen aburuz. Irakasle horrek dioenez, "aurpegi ezberdinekin eginiko esperientziak ezinbestekoak dira aurpegi-emozioak antzemateko abildadea aztertzeko, baita aurpegiak bereizteko ere".
Gizakiak espezie ezberdinetako animalien aurpegiak bereizten ikasi egiten du. Txinpantze, tximino edo beste espezie batzuekin lan egiten duten pertsonek, adibidez, ederki asko bereizten dituzte. Baina gizaki horiek ez dira abildade horrekin jaiotzen: abildade hori lantzeko eta ikasteko gaitasunarekin besterik ez dira jaiotzen. Kasu bera da, adibidez, txori-mota edo auto-modelo ezberdinak bereizten ikasten dutenena. Hizkuntzekin ere gauza bera gertatzen da: sei hilabeteko umeek edozein hizkuntzatako soinuak bereizten dituzte, baina hilabeteak pasa hala beren ama-hizkuntzako doinuak bakarrik bereizten hasten dira.
Zientzialari estatubatuar horiek ez dakite oraindik gizakien ikusmenarekin zerikusia duen garunaren parteak nola lortzen duen aurpegiak bereiztea. Beraz, datozen azterketetan
pertzepzio-murrizketa horrek neurologiari dagokionez zein baliokide duen aztertzen saiatuko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia