Umetoki-lepoko minbiziaren aurkako txertoa legeztatu dute
2006/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
AEBn, umetoki-lepoko minbiziaren aurkako lehenengo txertoa legeztatu zuten ekainean. Minbizi-mota hori sortzen duen birusa, gizakien papilomaren birusa, sexu-harremanen bidez zabaltzen da, eta, horregatik, aztertu zuten lehenengo aukera biharamuneko pilula izan zen. Baina abortuaren aurkako taldeak biharamuneko pilularen aurka agertu ziren erabat, eta emakumeen elkarteek neurriak hartzeko galde egin zuten, gaitzak bostehun mila emakume kutsatu dituelako mundu zabalean.
Hori dela eta legeztatu dute txertoa pilularen ordez, nahiz eta txertoa ez den botika jasotzeko aukerarik merkeena. Izan ere, dosi bakoitzak 100 euro balio du, eta sei hilabetean horietako hiru dosi hartu behar dira, txertoa eraginkorra izan dadin. Beraz, txertoaren behar handiena duten pertsonek, neska nerabe behartsuek, ez dute txertoa lortzeko adina baliabide ekonomiko. Txertoa, oraingoz, AEBn eta Mexikon erabiltzen ari dira, baina gestioak egiten ari dira Europan, Australian, Asian eta Hego Amerikan legeztatu eta saltzeko.