}

Unai Ugalde: “Sistema heldugabe eta gaztea daukagu”

1999/08/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dagoeneko pasa dira hilabete batzuk Unai Ugalde Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendari izendatu zutela. Unai Ugalde ezaguna izan daiteke Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren irakurleentzat, aldizkarian behin baino gehiagotan parte hartzeaz gain, CAF-Elhuyar sarietan ere parte hartu izan duelako, hasiera-hasieratik epaimahaiko kide izan baita.
Bera kimikaria da formazioz eta, orain gutxira arte behintzat, lanbidez ere bai. Zientzia Politikarako Zuzendaritza eskaini zitzaion arte Donostiako Kimika Fakultateko dekanoa zen. Kargu berria hartu eta berehala eskatu genion elkarrizketa —berak agindu ere agindu zigun, baina denbora eskatu ere bai, galderei erantzuten hasi aurretik panoramaz ondo jabetu nahi zuelako—. Emandako hitza beteko du ondoko lerroetan. Daukagun zientzia-politika edo sistemaren planifikazioa ez da gurea izan, kanpotik etorri zaizkigun eskemen arabera egindakoa baizik, eta gure zientzia-sistema oraindik ez dugu geure beharretara egokitu.

Denbora eskatu zenigun Unai. Behar beste izan al duzu? Dagoeneko zeure burua Zientzia Politikarako Zuzendari ikusten al duzu?

Beno, zientzia-politika berez konplexua den arren, nik beste ikuspuntu batetik dagoeneko ezagutzen nuen zientzia-politika, erabiltzaile eta zientzialari bezala. Beraz, denboraldi honetan egokitze-prozesuan sartuta egon naiz. Ondorioz, orain asmo eta iritzi batzuen berri emateko moduan nagoela esan dezaket. Aurrera begira, berriz, badakit lan handia izango dudala jende guztiarentzat gure zientzia-politika eta zientzia-sistema hornitzen eta sustatzen.

Egokitze- eta eguneratze-pausoak izaten dira hasierakoak, baina orain arte Kimika Fakultateko dekano izan zarenez, ez da ardura-karguetan aritzen zaren lehen aldia.

Ez, orain bost urte dekanoorde-lanetan hasi nintzen, eta hortxe hasi nintzen apur bat zientzia-politikaz arduratzen. Gero dekano izan nintzen bi urtez, eta duela hiru hilabete izendatu ninduten Zientzia Politikarako Zuzendari; hortaz, eremu zabalagoan ari naiz lanean, baina lehen neuzkan lagunekin batera, eta gauzak horrela landu nahi nituzke.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzaz hitz egiten ari gara, baina zer da aldi berean zientzia eta politika biltzen dituen koktel hori?

B. Kortabarria

Nik nagusiki hiru zeregin aipatuko nituzke. Lehenik eta behin planifikazio-lana da; zientzia egitea ez da egun batetik bestera sortzen den lana, baizik eta planifikatu behar dena. Baliabide asko daude hor, oso garestia da, eta herriarentzat zientzia-politika zuzena izatea estrategikoki oso garrantzitsua da. Beraz, lehenbiziko lana planifikazioan dago: zein baliabide ditugun ikusi, zer-nolako puntu indartsuak ditugun aztertu, zein gabezia… eta alde horretatik begiratuta, baliabideak egoki bideratu.

Bigarren egin beharra bultzatzea da; hau da, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan estatuaren aldetik gaur egun konpetentziarik izan ez, baliabide ekonomikorik izan ez… Eusko Jaurlaritzak azken 18 urte hauetan ahalegin handia egin du zientzia eta teknologia bultzatzeko, eta gure eginbeharretako bat hori da: bultzatzea. Erabaki zehatzak hartu behar ditugu, zientzia alde batera edo bestera eramateko.

Azkenik, harremanak zabaldu beharra aipatuko nuke. Zientzia —artea eta beste hainbat gauza bezala— mugarik gabeko lana da. Zientzialariak ez dira herri batekoak edo bestekoak; mundu osokoak dira, elkarrekin konpontzen dira, eta guk euskal zientzialariei laguntza eskaini behar diegu gainerakoekin harremanetan jar daitezen. Hiru gauza horiekin laburbilduko nuke Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren eginbeharra.


Hiru hilabete joan dira kargu berria hartu zenuenetik. Unai denboraldi horretan nola ikusi duzu Euskal Autonomia Erkidegoko zientziaren egoera?

Beno, gutxi gorabehera lehen ikusten nuenaren antzekoa, baina askoz ere zehatzago. Alde batetik heldu gabe dagoen eta gaztea den sistema ikusi dut. Euskal Herrian zientzia benetan serioski eta baliabideekin azken 15 urteotan hasi gara egiten. Denbora hori oso laburra da eta horregatik heldu gabe dago.

Bestalde, daukagun zientzia-politika edo -sistema horren planifikazioa ez da gurea izan, kanpotik etorri zaizkigun eskemen arabera egindakoa baizik, eta gure zientzia-sistema oraindik ez dugu geure beharretara egokitu. Gaztea denez, txikia ere bada: ofizialki Euskal Herrian 1.000 biztanletik 4 zientziaz arduratzen dira, zientzialariak dira. Hala ere, nik uste dut horiek ez direla benetako datuak, praktikan esango nuke zientzialariak 1.000tik 2 baino ez direla. Inguruko hainbat herritan, Frantzian, Ingalaterran edo Alemanian esaterako, 7tik gora dira. Horrekin oraindik zientzialari gutxi dugula esan nahi dut.

Beste ikuspegi batetik —gaztea eta txikia denez— nik uste dut etorkizun handikoa ere badela, kementsua. Gure Barne Produktu Gordinean ikerketarako bideratzen dena, batez besteko portzentaia % 1,24koa da; Europakoa, berriz, % 1,8koa. Estatuarekin konparatuz gero, goitik gabiltzala esan behar, nahiz eta transferentziarik eta konpetentziarik izan ez.

Transferentzien auzia hor dago mahaiaren gainean, eta ikerketen konpetentzien transferentzia ukatu izana ere albiste izan da. Nola balora daiteke hori?

Maiatzaren 12an Oliveri sailburuak Rajoy jaunarekin elkarrizketa izan zuen, eta nolabaiteko adostasunera iritsi ziren: hemendik aurrera kooperazioaren bidez elkarrizketak hasiko direla transferentziak bideratzeko bide bat irekitzeko asmoz. Horren arabera, hemendik aurrera zehaztasunak aztertu eta negoziaketak hasiko dira, eta hor Euskal Herriak dagokion eskubideak eskuratuko dituela uste dugu. Behar bada ez da kolpe bakarrean izango, baina hemendik aurrera hori bideratzeko lana izango dugu.

Nola egin daiteke zientzia eta teknologia bultzatzeko lana baliabiderik ez badago?

Beno, baliabide-mota asko dago. Horietariko bat pertsonak dira, hau da, jendearen irudimena, kemena… eta hori gabe diruak ez du ezertarako balio. Hori da guk daukagun aktiborik handiena, jendea. Beste mota bat hezkuntza-sistema litzateke, hezkuntza onik gabe ez dugulako jende egokirik izango. Eta gero gainerako baliabideak daude, Euskal Herriak baditu bereak, nahiz eta dagokion kupoaren bidez estatuari ematen dion diru-kopurua jaso ez. Baina egia da Europako Batasuneko fondoetatik dirua jasotzen dela eta hainbat programa irekietan nolabaiteko partehartze ona dagoela, nahiz eta nahi genukeenaren azpitik egon.

Zure ustez zein da Euskal Autonomia Erkidegoko zientziaren ispilu, edo gutxienez, zein behar luke izan? Madril ala Europa?

B. Kortabarria

Nik uste dut benetan ezin dela bat ala bestea esan. Esan dudan bezala, zientzia-sistemak ez du inolako mugarik. Historiaz Hego Euskal Herria estatu espainolean egon da sartuta eta harreman asko izan du unibertsitatearen eta industria-sistemaren bidez. Hor —administrazioaz aparte— hainbat ikerlari, zentro eta sistemarekin lotuta dago.

Bestalde, gure bidaideak, iparrekoak, benetan Europan sistema garatuenak dituztenak dira, eta horiek osatzen dute guk jarraitu beharreko tropela. Argi dago, hala ere, harremanak biekin izan behar direla, nolabaiteko etekina ematen dutelako eta alde bietarako garapena bultzatzen dutelako. Beraz, ez dago inolako bazterketarik.

Zientzia eta politika, koktel bitxi samarra. Zientzia Politikaren Zuzendaritzan zein Unai dago gehiago, zientzialaria ala politikaria?

Berez, zientzialaria naiz, baina orain politika-lanean aritu behar dut. Zure galderari zuzenean erantzun baino lehen gauza bat esan nahiko nuke: zientzia-sistema ondasun publikoa da, antolatu behar dena. Hori antolatzeko alde batetik politikariak behar dira —orain transferentziaren arazoa politikariek lantzen dute, adibidez—, administratzaileak behar dira —baliabideak egoki kudeatzeko eta profesionalki bideratzeko—, teknikoak behar dira —laborategian zientzialariei laguntzeko—, eta noski, zientzialariak behar dira. Azkenean kolektibo horrek guztiak, nahiz eta bakoitzak bere helburu partikularrak izan, helburu publikoa betetzeko elkartzen dira. Helburu publiko horiek —zientziak, arteak, kulturak…— ondare publikoa osatzen dute. Beraz, mota guztietako profesionalak behar dira ikerketa-sistema orekatua sustatzeko.

Zer egingo dudan gehiago, politika edo zientzia? Argi dago politika egin beharko dudala, nire oinarrizko lanbidea hori ez izan arren, baina pozik egingo dut, une honetan zerbitzurik onena dela pentsatzen baitut, Euskal Herriko zientziaren eta gizartearen aldeko lana izango dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia