Unibertsoaren hedapen-tasa neurtu dute, supernoba baten irudi berri batzuei esker
2024/02/26 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hubble espazio-teleskopioa erabiliz talde batek aurkitutako irudi handiagotu eta biderkatuko supernoba batetik lortu diren datuei esker, teknika aitzindari bat arrakastaz erabili da unibertsoaren hedapen-tasa neurtzeko.
Teknika horrek beste ikuspegi bat ekarri dio aspaldiko eztabaida bati, eta lagungarri gerta liteke zientzialarientzat unibertsoaren adina zehaztasun handiagoz jakiteko. Izan ere, bi eratara neurtzen da unibertsoaren hedapena, Hubbleren konstantea ere deritzona. Lehenengoan, hurbiletik behatzen dira supernobak, eta bigarrenean, berriz, mikrouhinen hondo kosmikoa erabiltzen da. Hala ere, bi neurketa horien artean % 10 inguruko aldea dago, eta horrek eztabaida handia piztu du fisikari eta astronomoen artean. Bi neurketak zehatzak badira, horrek esan nahi du gaur egun unibertsoaren sorrerari buruz zientzialariek duten teoria osatugabea dela.
Nazioarteko talde batek Hubbleren konstantearen beste kalkulu bat egin du, behin eta berriro agertzean supernoba batek igortzen duen argia aztertuta. Nazioarteko talde horretako kideetako bat Tom Broadhurst da, EHUko Ikerbasque ikerketa-irakaslea eta DIPCko ikertzaile elkartua.
Hedapen-tasa kalkulatzeko, taldeak Refsdal supernobaren datuak erabili ditu. Supernoba hori, lehen aldiz, irudi batean baino gehiagotan jaso da; hau da, teleskopioak gertaera kosmiko beraren lau irudi desberdin atera ditu. Aurkikuntzaren ondoren, mundu osoko taldeek iragarri zuten supernoba beste leku batean agertuko zela 2015ean, eta Minnesotako Unibertsitateko taldeak beste irudi hori atera zuen. Supernobaren aurrean galaxia-multzo batek grabitazio-leiar gisa ziharduelako lortu ziren irudi horiek guztiak. Fenomeno horretan, multzoaren masak argia okertzen eta handiagotzen du. 2014ko eta 2015eko irudietako agerpenen arteko atzerapenak kontuan hartuta, Hubbleren konstantea neurtu ahal izan dute ikertzaileek, 1964an Sjur Refsdal astronomo norvegiarrak garatu zuen teoria bat erabilita lehen aldiz.
Tom Broadhurstek ondorioztatu du Hubble-ren konstantearen neurketa berria hobeto egokitzen dela mikrouhinen hondo kosmikoarenera, sendotu egiten baitu haien interpretazioa; alegia, energia ilunaren kanpo-presioaren menpe dagoela unibertsoaren hedapen-tasa, eta materia ilunaren autograbitateak konpentsatzen duela, hainbeste, ezen gaur egun unibertsoaren hedapen-tasa bizkortzen ari baita.
Science eta The Astrophysical Journal aldizkarietan banatuta eman dute ikerketaren berri.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia