}

Untzigintzaren historia (eta XVI): Itsasuntzi superazkarrak

1988/04/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Artikulu honekin, untzigintzaren inguruko sail honi amaiera emango diogu. "Elhuyar" aldizkarian jaio zen eta "Elhuyar. Zientzia eta Teknika"n bukatzen da. Hamasei kapitulu hauetan Iñaki Azkunek untzigintzaren ikuspegi historiko orokor eta interesgarria eskaini digu.
2. irudia. Itsasuntzien kasko-mota batzuk.

Denboran zehar, itsasuntzietan propultsio-sistemak aldatu ahala beren kaskoen formak egokitzeko premia ikusi da. Plano zaharretan, branka zorrotzeko untzi luzeak agertzen zaizkigu batetik, eta haiek azkarrak izan zitezkeen, baina baita egonkortasun txikikoak ere. Bestetik, garraiorako untziak zabalak eta sendoak ziren. Egonkortasun ona zuten haiek; abiadura handia lortzerik ez zeukaten ordea.

Untziaren abiadura kalkulatzerakoan, zerikusi handia du urak kaskoari bere desplazamenduan eskaintzen dion eragozpena. Eragozpen edo erresistenzia hori aztertzeko asmoz, 1775. urte inguruan Pariseko Eskola Militarrean saikuntzatarako lehen kanala eraiki zen. Kanal hartan indar jakin bat aplikatuta untziaren maketa bat garraiatu eta abiadura neurtzen zitzaion. Untzigileek maketa desberdinen abiadurak konparatzen zituzten eta maketa azkarrenari zegokion untzia ere azkarrena izango zela pentsatzen zuten. Eskarmentuz bazekiten kasko luzeak azkarragoak eta kasko gizenak motelagoak zirela.

Hala ere, untzi azkarrak egiten hasi zirenean, maketatan aurrikusitakoak ez zuen balio. Izan ere uretako marruskadurak abiadura handitan beste faktore batzuk ditu: ura eta kaskoaren arteko elkarrekintzak sortutako uhinak eta popa aldeko zurrunbiloak. Potentzia handiko propultsioa duten untzietan gainera, azken faktore hauek marruskadura berak baino eragin handiagoa izan dezakete.

Sortutako uhin eta zurrunbiloak kontutan harturik, diseinatzaileek untzi azkarretarako formarik egokienak erabakitzen hasi ziren. David Taylor-ek ikerketak sistematikoki burutu zituen Washington-en 1899. urtean eta forma bakoitzari zegokion erresistentzia hidrodinamikoa zehaztu zuen. Gaur egun ere merkataluntzien diseinurako Taylor-en balioak erabiltzen direla aitortu beharra dago.

1930. urte inguruan ordea, untzi txikietan berebiziko iraultzari eman zitzaion hasiera, gasolina-motoreen propultsioaz baliatzeko aukera zegoelako. Geroxeago, txalupa txikietan karel-kanpotik ipini zituzten motoreak popan. Horrela, potentzia handiko untzi txiki eta azkarrak lortu ziren. Baina txalupa haiei branka altxatu egiten zitzaien eta hori itxusia izateaz gain arriskutsua ere bada.

Segurtasun-falta, popa aldean untzia urpera gehiago sartuta konpondu zuten. Horrela gainera, Arkimedes-en printzipioari esker goranzko indarra handiagoa zen eta propultsioaren errendimendua ere bai.

1960. urte inguruan untzi azkarrek hogeitazortzi korapilorainoko abiadura lortzen zuten. Cherbourg-eko vedette izenekoek adibidez, nahiz eta berrogeitamasei metroko luzera izan abiadura hori lor zezaketen.

Polizia kostazainek ere untzi bizkorrak behar izan dituzte beren lanerako eta Frantzian esate baterako, 1975. urtean 13,3 metro luze eta 25 korapilokoak egiten zituzten langintza horretarako.

Kaskoen diseinuan, gaur egun ordenadoreen bidez simulazioak egiten dira. Baina sistema hori oso garestia da eta untzi handietan erabiltzen da batez ere.

Dena dela, kaskoen diseinuan laketuntziek ere zerikusi handia izan dute. Ondoko irudian, kaskoen forma desberdinak erakusten dira, eta bakoitzari buruz hitz bi egiteari ezinbestekoa deritzogu.

Ohizko kasko gilabakarra abiadura txiki eta ertainetan (petroliuntzitan adibidez) egonkortasun ona nahi denerako egokia da, baina urarekiko erresistentzia handia izaten da.

Kasko zapalduan, urarekiko erresistentzia txikiagoa denez abiadura handiagoak lor daitezke. Horren truk ordea, egonkortasuna txikiagoa da. Honelakoak izan ohi dira adibidez kostazainen txalupa azkarrak.

Kasko bikoitz edo katamaran izeneko formari esker, untzia oso egonkorra da, eta sakonera txikiko uretan ibiltzeko aproposa. Bestetik, bi kaskoen gainean plataforma laun eta zabala osa daitekeenez, edukinontziak garraiatzeko eta abarretarako oso egokia da. Abiadura handitan ordea, urarekiko erresistentzia ez da txikia.

Katamaran en antzeko beste kasko bat, SWATH untziena da (Small Waterplane Area Twin Hull). Hauetan bi flotatzaile handiren gainean plataforma zabal bat uretik kanpora dago. Abiadura handi eta bidaia luzetan du portaerarik onena.

Jet-foil izeneko untzia oso aproposa da abiadura handitarako. Funtsean ohizko kaskoa da, bi beso luzez horniturik. Untzia geldirik dagoenean bi besoak urpean egoten dira eta bertako helizeen bultzadaz ziztu bizian doanean, kasko osoa altxa egiten da urarekiko marruskadura txikiagotuz.

Hovercraft izeneko untzietan, haizagailuen bidez untzi eta uraren (edo lurraren) artean airezko koltxoia sortzen da. Ur geldietan marruskadura txikiz azkar ibiltzeko aproposa da.

1. irudia. Gaur eguneko untzi superazkarra. Bi helize ditu propultsiorako eta kaskoa aluminiozkoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia