Untzigintzaren historia XI: irratitelegrafia eta radarra
1987/06/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Irratitelegrafia asmatu baino lehen, itsasoko untzietan isiltasuna zen nagusi. Portutik irten, itsaso zabalean zehar joan eta helmugara iritsi arte, untziak ezin zuen inolako laguntzarik jaso estutasunak jotakoan. Untzijabeek bazekiten itsasoko bidaia noiz hasi zen, baina ez zekiten noiz amaituko zen. Gutxi gorabeherako kalkuluak egingo zituzten gehienez ere.
Itsaso zabalean ordea, gauza asko gerta zitekeen. Ekaitzagatik edo beste zerbaitegatik untzia hondoratu egin zela eta jendea ito egin zela maiz entzuten zen. Nabigazioak arriskua berekin zuen inola ere. Ez da harritzekoa beraz Guglielmo Marconi-k Morse seinaleak bidaltzea untzientzat baliagarria zela pentsatzea.
Marconi-k bere lehen saiakuntza Reno-ko Pontecchio-n 1895.ean egin zuen. Emitigailutik hargailura zeuden bi kilometrotan zehar morse sinaleak transmititu zituen haririk gabe.
Marconi-ren inguruko laguntzaileak, berehala jabetu ziren asmakuntzaren garrantziaz, eta Posta-ministraritza britainiarra ere bai. Britainia Haundian, berehala eskaini zioten nahi adina laguntza zientzilari italiarrari.
Marconi-k, aurrez beste zientzigizon batzuk (Hertz, Onesti, Lodge, Tesla, Popoff, Braul eta abarrek) lortutako asmakizun eta aurrerapenak egoki konbinatu eta aplikatu zituen.
Jendaurrean lehenengo saioak, Salisbury-n egin zituzten 1896. urtean. Lau kilometroko distantziara igorri zituzten seinaleak. Berehala, Dublin-eko estropadetako kronika irratiz bidaltzea lortu zuten.
Lehen saio haien ondorioz, Marconi konpainia sortu zen asmakuntza berriaren aplikazioak lantzekotan. 1898. urteko abenduaren bukaeran, bi faroren arteko komunikazioa burutu zuten irratiz. Faro bat Mantxako Kanalean ainguratutako "East Goodwin" untzian zegoen. Bestea, lehorrean; South Foreland lurmuturrean.
Hilabete gutxiren buruan, faro-untziak larri zebiltzan bost untzientzako laguntza-seinaleak igorri zituen. Seinale haiei esker salbatutako kargamentu batek, 53.500 libera balio zituen; Britainia Haundiko faro-untzi guztiak irratiz hornitzeko behar zena baino hamar aldiz gehiago, Marconi berak aditzera eman zuenez.
1899. urtean, Britainia Haundiko itsas armadaren maniobratan saio asko egin zituzten gau eta egun irratia erabiliz. 74 miliara zeuden untzien arteko irratizko komunikazioak lortu ziren. Bi urte geroago, Marconik Ternua-ko St. Johns eta Britainia Haundiko Cornwall-en artean irratiz seinalea pasarazi zuen lehen aldiz Atlantiar Ozeanoan zehar.
Froga haren eraginez, guztiak agertu ziren Marconi-ren asmakizunaren alde eta Cunard Line konpainiak bere "Lucania" untzia irrati-emisore eta irrati-hargailuz hornitu zuen. Denbora gutxi barru, konpainiako untzi guztiak zeuden irrati eta guzti.
Irratiari esker, geroztik jende asko salbatu da itsasoko istripuetan; 1909.ean bertan esate baterako, "Florida" eta "République" transatlantikoek elkar jo zutenean. "Titanic"en hondoratze famatua berriz, ez dago isilpean uzterik. 1912. urtean iceberg-arekin talka egin zuenean, irratiz igorritako seinaleen ondorioz untzi asko hurbildu zitzaion laguntzera.
Untziak irratia medio isolaturik ez bazeuden ere, " ikustea " falta zuten. Gauez zebiltzanean, behe-lainoa zegoenean, inguruan beste untziak zituztenean, aurrean edo azpian oztopoak zeudenean eta abarretan, untziak guzti haiek detektatzea komeni zen. Behar zuen " ikusmen " hura, radarrak eskaini zion.
Nahiz eta radarraren funtsa XIX. mendean Maxwell ingelesak adierazitako uhin elektromagnetikoak izan, frantziarrek eta iparrameriketarrek osatu zituzten lehen radarrak.
Iparramerikan 1922. urteaz gero hasiak ziren radarra garatzen. Izan ere Potomac ibaian igarotzen ziren untziek irrati-seinaletan interferentziak sorterazten zituzten. Frantzian berriz, 1936. urtean "Normandie" izeneko untzian radarra ipinia zutela adierazi zuten. Radarrak, lau miliako distantziara oztopo handiak (untziak, iceberg-a, etab.) detekta zitzakeen. Oztopo txikiak berriz, milia batera.
1936. urtean bertan Le Havre-ko portuan ere ipini zuten radarra, eta 1939.erako gerrauntzi eta portu askotara hedatua zegoen.
Baina bigarren mundu-gerra hasi zenean, radarrez Britainia Haundia bezain ondo beste inor ez zegoen hornitua. Thames ibaiaren bokalea adibidez, radarrez babestua zegoen, kostalde osoa bezalaxe. Radar bakoitza 150 kilometrorainoko distantziaraino heltzen zen, eta airean 300 kilometroraino ere bai.
Ingalaterrako batailan, Goering-en hegazkinak eta V-2 misilak aldez aurretik detektatu zituzten, eta italiarrei ere kalte handiak eragin zizkieten britaniarrek itsasoan. Alemanak ere hasiak ziren 1937.ean radarra diseinatzen, baina 1940.ean alemaniako itsas armadak ekipo kaskarra zuen artean eta britainiarren radarrei hurreratu ere ez zitzaien egiten. Aliatuen garaipenean beraz, radarrak izan zuen zerikusirik.
1940. urtean, Britainia Haundiak Ameriketako Estatu Batuei radarraren sekretua erakutsi zien. Horregatik, japoniarren aurkako gerran ere erabilia izan zen, eta 1945. urtean amaitu zenean eman zuten ofizialki erabilpenaren berri.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia