Untzigintzaren historia XIII: Propultsio atomikoa
1987/10/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
1955. urteko urtarrilaren 17an, Iparrameriketako Groton (Connectituc) hirian urpekuntzi bat itsasoratu zen goizeko hamaiketan. Urpekuntzia, atoian eraman zuten milia batzuetan Long Island Sound-en pareraino, eta han propultsio atomikoz egindako lehen saiakuntzari hasiera eman zioten. Egun hartan itsasoko nabigazioaren aro berri bat jaio zen, zalantzarik gabe.
Urpekuntziak, Nautilus izena markaturik zeraman eta 1952. urteko uztailean hasi ziren eraikitzen untziolan. 1954. urteko urtarrilean busti zuten lehendabiziko aldiz itsasoko uretan.
Iparrameriketako armadak, saiakuntzak egiteko nahi zuen urpekuntzi hura, eta horregatik propultsio nuklearraren ondoan beste motore klasiko bat ere bazuen. Baina nahiz eta Nautilus ak bi motore izan (klasikoa eta nuklearra), urpekuntzi normalak baino azkarragoa eta hobea zen lanerako. Urazpitik bi urtean irten ere egin gabe, Nautilus ak guztira 69.139 milia korritu zituen erregairik aldatu gabe. Erregaia, pilotatxo baten taminuko uranio-pusketa zen.
Berez ez dago esaterik urpekuntziak motore atomikoa zuenik. Izan ere energia atomikoak ez bait dio zuzenean helizeari eragiten. Nautilus ean gertatzen zena, zera zen: erreaktore atomikoak beroa sortzen zuen eta presio handitara mantendutako ura berotzen zuen. Ur bero hark eragiten zituen gero turbinak eta ondoren helizeak.
Propultsio nuklearra itsasoan lehenengo aldiz urpekuntzian erabiltzeak harrigarria badirudi ere, ez da ahaztu behar militarrek arazo hauetan izan duten eragina eta urpekuntziak noizbehinka arnasa hartzera urazalera irteteko duen premia. Gerra-garaian beraz, garrantzitsua zaie militarrei urpekuntziak azaleratu gabe itsaspean luze edukitzea.
Nautilus aren arrakastaren ondotik urpekuntzi atomikoak eraikitzeari ekin zioten Estatu Batuetan. 1958. urtean, zortzi urpekuntzi atomiko bazituzten jadanik itsasoraturik, eta urtero beste zortzi edo hamar berri egiteko plana zuten.
Garai hartan, Soviet Batasunak berak ere urpekuntzi atomikoak bazituela iragarri zuen eta aldi berean Ipar Itsasoan urazaleko lehen untzi atomikoa nabigatzen hasi zen: Lenin izeneko izotzausteko untzia hain zuzen.
Urpekuntzi atomikoek bestetik, buruhauste latzak sortu dizkie militarrei. Izan ere, nola detektatu 400 metro baino sakonera handiagotan dabilen, periskopiorik ez duen eta urazalera etortzen ez den urpekuntzia? Gainera zaratarik ez du ateratzen, eta sonarraren ordez detektatzen askoz ere zailagoa den lowfar a dute.
Horiek horrela, urpekuntzi atomikoak ez dago abioiz detektatzerik, eta urazaleko untzietatik ere deus gutxi egin daiteke. Horregatik, puntu batean airean geldirik dauden eta tresna bereziak dituzten helikopteroak erabili izan dira detekzio-lanetarako. Baita urpekuntzien aurkako urpekuntziak ere.
Urpekuntzia orain arte helburu militarrei erabat lotua egon bada ere, badirudi petrolioaren garraiorako erabiltzen hasiko direla. Teknikariek esaten dutenez, urpekuntzien multzoak osatuko lirateke petrolioaren urpeko garraiorako. Multzo horietako urpekuntzi batek bakarrik izango lituzke marinelak, eta beste guztiak telegidaturiko untziak besterik ez lirateke izango.
Baina kasu konkretu honetaz aparte, gainontzeko merkataluntziek ere abantaila handiak lortu dituzte. Propultsio atomikozko motoreak izan ere, potentzia berdinean arinagoak dira motore normalak baino. France transatlantikoari egindako kalkulu batzuk behintzat, hori diote. Transatlantiko honi, 8000 tonako ohizko motorea ipini zioten, eta 8000 tona erregai zituen depositoak beteta. Propultsio atomikoa izan balu, makina eta erregaiaren pisua beti 10000 tonakoa izango zitekeen eta 2000 bidaiari garraitu ordez 2800 bidaiari eramateko gauza izango zitekeen.
Dena den, propultsio atomikoa ezartzea garestia da eta untziola pribatutan merkataluntziei ipintzerakoan bada zailtasunik.
Urpekuntzien propultsio atomikoa ordea, asko ugaldu da azken urteotan. Izan ere Nautilus ak arrakasta handia lortu zuen Ipar Poloa azpitik zeharkatu zuenean, eta horrek agintariak (eta militarrak) asko animatu zituen. Nautilus a, Ozeano Barean Portland-etik abiatu, Ipar Poloa izotz-geruzaren azpitik zeharkatu eta Ozeano Atlantiarrean zehar New York-era heldu zen. Sei egun hamaika ordu eta berrogeitamabost minututan, 3150 miliako bidaia burutu zuen. Jules Verne-k idatzitako beste amets bat, errealitate bihurtua zen.
Urpekuntzi atomikoak bestetik, helburu beldurgarriagotarako erabil daitezke ordea. Gaur egun, urpekuntzi hauek misil nuklearrak daramatzate, eta itsasoko edozein puntutatik jaurti ditzakete beren arma ikaragarriak. Horregatik, gerra atomikoa gertatuko balitz gure mundua apurtzeko elementuak lirateke urpekuntzi hauek. Helburu militarrez egindako arma atomikoak horretarako bait dira.
1. irudia. Itsasuntzitan erabilitako erreaktore nuklearraren eskema2. irudia. Lenin, izotzausteko untzi atomiko sovietarra.3. irudia. Lehen merkataluntzi atomiakoa; Savannah izenekoa. 1959.ean ureratu zen eta 1962.ean hasi zen lanean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia