Ur hotza ur beroa baino azkarrago izozten al da?
2000/06/21 Elhuyar Zientzia
Ur hotza ur beroa baino azkarrago izozten da orokorrean, eta horrek dirudi logikoena, baina zenbait kasutan alderantziz gertatzen da, ur beroa ur hotza baino azkarrago izozten dela.
Demagun urez betetako bi ontzi ditugula; ontzi batean ura 10 ºC-ko tenperaturan dago eta beste ontzian, berriz, ura 95 ºC-ko tenperaturan dago. Bi hauen artean, 10 ºC-tan dagoen ura izoztuko da aurrena. Jar dezagun orain beste adibide bat; berriz ere urez betetako bi ontzi dauzkagu, baina oraingo honetan 50 ºC eta 95 ºC-tan dago ura, hurrenez hurren. Kasu honetan berriz, gezurra dirudien arren, beroen dagoen ontziko ura izoztuko da azkarrago.
Eta honen azalpena sinplea da, uraren izozte-abiadura kalkulatzeko aldagai bat baino gehiago hartu behar baita kontuan. Aipatutako adibideetan, esaterako, bi dira aldagai nagusiak: tenperatura eta lurruntzea. Ura zenbat eta tenperatura altuagoan egon, ur gehiago lurrunduko da eta izoztu beharreko ur gutxiago geratuko da ontzian. Izoztu beharreko ura gutxiago baldin badago ontzian, izoztea azkarragoa gertatuko da.
Lurruntze-faktore hau oso beroa dagoen ura izoztu nahi dugunean hartu behar da kontuan, eta ez beti. Laburbilduz, hala ere, esan behar da ur hotza ur beroa baino azkarrago izozten dela, baina ura oso beroa baldin badago, ur beroa baino azkarrago izoztuko dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia