Ur-jauzien eta erreken garrantzia neurtu dute
2001/04/06 Elhuyar Zientzia
Izan ere, gizakien eraginaren ondorioz, adibidez nekazaritzan erabiltzen diren ongarriak direla eta, lurreko eta uretako ekosistemetan nitrogeno-kantitatea handitzen ari da. Lur-ekosistemak nitrogenoz asetzen direnean, nitrogenoa erreketara, ibaietara, aintziretara eta badietara isurtzen da. Orduan, nitrogenoa metabolizatzen duten algak gehiegi ugaritzen dira eta oxigenoa eta argia ur sakonera handiagora iristea eragozten dutenez, beste landareek eta animaliek ere sumatzen dute oxigeno- eta argi-eskasia.
Estatu Batuetan egindako ikerketaren arabera, ibaietara eta aintziretara isurtzen diren errekak eta ur-lasterrak, beren txikitasunean, oso garrantzitsuak dira nitrogeno ez-organikoaren % 50 asimilatzeko gaitasuna dutelako. Nonbait, ur-lasterraren neurria eta nitrogenoa prozesatzeko eta bereganatzeko eraginkortasuna erlazionatuta daude eta ur-jauzi eta erreka txikietan nitrogenoaren zikloa azkarragoa da.
Honakoa da, hitz gutxitan, uretan ematen den nitrogenoaren zikloa: uretara iristen den nitrogeno-kantitate bat bakterio anaerobioek asimilatzen dute eta gainerakoa alga, bakterio eta onddoen elikagaia da. Intsektuak eta arrainak horietaz elikatzen dira eta landareak eta animaliak hiltzean, nitrogenoa berriro uretan gelditzen da, usteltzen den beste materiaren artean.
Ur-laster txikiei, ordea, kanpo-erasoek asko eragiten diete eta oso sentikorrak dira. Gainera, gero eta arrisku handiagoan daude, ubideak eta presak eraikitzen direlako eta ur horietara isurtzen diren nekazaritzako eta hirietako hondakin-kantitatea etengabe hazten ari delako. Horretaz gain, turismoa eta aisialdiaren presioa ere gero eta handiagoa da. Hori guztia kontuan hartuta, erreka eta ur-laster txikien garrantziaz eta zaintzeko beharraz jabetzea ezinbestekoa da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia