}

Ur minerala ez da behar bezain purua

2002/04/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, ur mineralen marka batzuen botiletan kontaminazio fekala antzeman dute. Deigarriena, hala ere, ez da ura kutsatuta dagoela, baizik eta uretan aurkitutako birusen jatorria giza gorotzak direla.

Suitzako Solothurn kantoiko Elikagaien Laborategiko ikertzaileek Norwalk motako birusak antzeman dituzte Europako dendetan saltzen diren 29 ur mineralen markatatik 11tan. Hain zuzen, egitura borobileko birus txiki horiek izaten dira urdaileko minen % 90en errudunak.

Infekzioaren sintoma nagusiak goragalea, beherakoa eta ondoeza izaten dira eta adinduetan, berriz, ondorio larriagoak dituen gastroenteritisa eragiten dute birusek. Normalean, kutsatutako entsaladen eta itsaskiaren bidez sortzen da infekzioa, baita kontrolatu gabeko uraren bidez ere. Horretaz gain, kutsatuta dauden gizakien gorotzetan ere badago birusa, noski.

Ur mineralen industriek merkaturatzen duten uraren purutasuna aldarrikatzen dute, eta Suitzako laborategian egindako azterketaren inguruko eztabaida piztu da. Ikertzaileek onartzen dutenez, ez dakite ura iturrian bertan edo botilatze-prozesuan kutsatu den, ezta birusak osasunerako arriskua duen ala ez ere, ez baitute laginen infekzio-ahalmena neurtu. Hori bai, azterketa egin eta urtebetera, birusa zuten botilen hamarretik bederatzik kutsatuta zirauten. Nonbait, birusek proteinez osatutako geruza babeslea dute inguruan, eta proteina horiek berak dira birusei infektatzeko ahalmena ematen dietenak.

Bestalde, birusa detektatzeko RT-PCR teknika erabili dute. Horri esker, laginean dagoen material genetikoaren kopia asko lortzen dira; ondorioz, nahiz eta birus-kantitate txikia egon, birusaren RNA erraz antzematen da. Industrialarien esanean, ordea, teknika ez da egokia uraren kutsadura detektatzeko .

Lehendik ere kanileko ura botilatutakoa bezain ona edo hobea dela jakina bazen, orain agerian gelditu da merkaturatzen diren ur mineralen garbitasuna aztertzeko eta kontrolatzeko beharra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia