}

Ura egonda ere, ezin egarria ase!

2003/02/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Negu betean gaude, eta jende askok aprobetxatzen du elurretara joateko aukera. Geroxeago ere, mendizale ugarik joko dute Pirinioetara eta beste mendikateetara, elur- eta tontor-gosea asetzera. Grina hori asetzerakoan, baina, izerdi asko botatzen da, eta egarritu egiten gara. Nola lortu edateko ura inguruan elurra besterik ez dagoenean? Eta iturriak agortuta edo oso urruti badaude?
Batzuetan, ahal den pisu gutxiena eramatearren, ur gutxiegi hartzen da.

Osasuntsu egoteko, ezinbestekoa da behar adina edatea. Hori, jakina, ez da berria: azken urteotan, alde guztietatik ohartarazten dute ondo hidratatuta egoteak duen garrantziaz. Batzuk telebistaz ere baliatzen dira mezu hori zabaltzeko; batez ere, botilatutako ura saltzen duten enpresek hartzen dute lan hori. Dena dela, ezin ukatu urak osasunean duen garrantzia: gizakia, ezer jan gabe, hilabetetan bizi daiteke; urik gabe, ordea, egun gutxira hilko litzateke.

Kirolariek ondo ezagutzen dituzte deshidratazio txiki batek sortzen dituen kalteak: nekea, buruko mina eta giharretako karranpak azaltzen dira. Adituen arabera, nahikoa da gorputzeko uraren % 1 galtzea errendimendua jaisteko. Ur-galera % 3-koa bada, giharren uzkurtzeko indarra % 10 jaisten da eta lastertasuna % 8. Sintoma horiek arintzeko urik edaten ez bada, deshidratazioa larriagotu egiten da, eta, azkenean, zorabiatzeko eta shock-egoeran sartzeko arriskua dago. Hain zuzen ere, % 10-eko deshidratazioa hilgarria izan daiteke.

Deshidratazioari aurre hartzeko modu eraginkorrena ura edatea da; ahal bada, egarria sentitu aurretik. Askotan, kirolariek edari bereziak hartzen dituzte, bide batez izerdian galtzen diren gatzak berreskuratzeko asmoarekin. Edari horiek ura, gatzak eta azukre pixka bat izaten dute; hartara, erraz eskuratzen dute galdutako guztia. Kontuan hartu behar da iraupeneko kirola egiten duen goi-mailako atleta bat zortzi litro ur galtzera irits daitekeela.

Oso da garrantzitsua ondo hidratatzea; bestela, osasun-arazoak izateko arriskua dago.

Kirolari sutsua izan gabe ere, mendian ibiltzean deshidratatzeko arriskua ager daiteke: iraupeneko jarduera da, hotza egiten badu ez da edateko gogorik sentitzen, pisua kentzeagatik behar baino ur gutxiago eramaten da askotan... Horregatik, mendira joaterako, komeni da nahiko ur izango dela ziurtatzea.

Egarria basamortu zurian

Nolanahi ere, gerta daiteke urik gabe gelditzea. Elurretan egonez gero, gaitzerdi! Elurra urtu eta kito, ezta? Hori su txikia eskura izanda, noski. Baina mendizaleek badakite elurra urtzea ez dela nahikoa. Izan ere, elurretako ura, eta baita euriarena ere, ur distilatua da; hau da, ez du gatzik, eta, beraz, besterik gabe edaten bada, desoreka sortzen du gorputzean.

Hori saihesteko, beharrezkoa da gatzak gehitzea elur urtuari. Horretarako, prestakin bereziak daude merkatuan, baina norberak etxean ere presta dezake bat, bikarbonatoa eta gatz arrunta nahasiz. Beste aukera bat fruten zukua gehitzea da, eta, bero-beroa hartu nahi bada, sobreko zopak ere egokiak dira, oso gaziak baitira.

Elurra urtu eta besterik gabe hartuz gero, desoreka sortzen da gorputzean.

Elurra urtzeko garaian, hobe da elur trinkotua edo izotza erabiltzea, elur-hautsa erabilita baino ur gehiago lortzen baita. Elur-hautsak, tartean aire asko edukitzeaz gain, beste elur-motek baino tenperatura baxuagoa du; zero azpitik 10 gradura egoten da, gutxi gorabehera. Bestetik, zenbat eta altitude handiagoan egon, orduan eta tenperatura baxuagoan irakiten du urak, baina, aldi berean, irakitera iristeko denbora gehiago behar da. Adibidez, itsas mailan urak 100° C-tan irakiten du, eta 1.500 metrora, berriz, 95° C-tan irakiten duen arren, itsas mailan egonda baino 1.8 aldiz denbora gehiago behar da horretarako. 3.000 metrora, 95° C-tan irakiten du, eta horretarako itsas mailan baino 3.8 aldiz denbora gehiago behar da. Betiere erregaia ez xahutzeko eta elurra denbora gutxiagoan urtzeko, ontzia ondo estaltzea eta haizetik babestea komeni da.

Elurrik gabe, nahiko ur inguruan eta ezin edan!

Edozein sasoitan, inguruko mendietan ura topatzea ez da zaila. Baina itxuraz garbia dagoela iruditu arren, askotan kutsatzaileak ditu, birusak, protozooak eta bakterioak, eta horiek, beherako arruntak ez ezik, bestelako gaitz larriagoak ere eragin ditzakete. Espainiako estatutan egindako ikerketa baten arabera, mendiko iturrien % 6 besterik ez du edateko moduko ura ematen.

Edateko ura lortzeko hainbat aukera daude. Onenetako bat ura irakitea da: mikroorganismo guztiak hiltzen dira. Alabaina, eragozpenak ere baditu: su txikia eta erregaia behar dira, minutu batzuk eduki behar da irakiten eta hoztu arte itxaron behar da edan ahal izateko. Hala ere, metodorik seguruena da. Hori bai, uretan poluitzaileak badaude, pestizidak edo metal astunak esaterako, alferrik da ura irakitea.

Mendiko urak guztiz garbia dirudien arren, askotan kutsatuta egoten da.

Gauza bera gertatzen da pilulekin: bakterioak akabatzeko gai izanda ere, ez dituzte poluitzaile kimikoak desagerrarazten. Gainera, ez dituzte bizkarroi handiak hiltzen; beraz, zizareak, amebak eta protozoo handiak uretatik kentzeko, ura iragaztea komeni da. Birusen aurka ere ez dute balio.

Iodoa, berriz, oso eraginkorra da birusen eta bakterioen aurka. Protozoo batzuek bizirik irauten dute, baina nahikoa da ura iragaztea haiek kentzeko. Okerrena da ordubete itxaron behar dela, eta zapore txarra uzten du gainera. Tiroideetako arazoak dituztenei, bestetik, ez zaie komeni iodoz tratatutako ura edatea.

Beste aukera bat mikroiragazkiak dira. Uretan dauden partikulak, bakterioak eta protozooak garbitzen ditu, baina birusek ihes egiten dute.

Mendian ur garbia edateak zaila dirudi, ezta? Bada, etxetik kantinplorak ondo beteta eramanez gero, ez dago inolako arazorik. Eta zeharkaldi luzeetan, aurretik atera behar kontuak!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia