Urpean irauteko, oxigenoa garunera
2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itsas ugaztunek urpean luze irauteko sekretuetako bat oxigenoaren garraioa da, Kaliforniako Unibertsitateko zoologo batek eginiko ikerketen arabera. Horri esker, garunaren jarduera ez da mantsotzen, nahiz eta gorputza hibernazioaren antzeko egoera batean murgiltzen den.
Egoera horretara iristeko, itsas ugaztunak egokitu egiten dira. Alde batetik, urpean, ez dute dardararik egiten, gorputzaren tenperatura jaits dadin. Bestetik, bihotz-taupaden erritmoa mantsotzen dute, eta garuneko odolaren jarioa lehenesten dute muskuluetako odol-hodiak estututa. Horrela, erne egoten dira igeri egiten duten bitartean.
Prozesu hori ulertzeko, Kaliforniako zoologoak hamasei ugaztunen garunak aztertu ditu, eta alde handia aurkitu du lehorrekoen eta itsasokoen garunen artean. Itsasokoetan, oxigenoa garraiatzeko proteinen kopurua askoz handiagoa da lehorrekoetan baino; globina gehiago dituzte. Horri esker, hipoxia-egoeran egonda ere, itsas txakurrek ordubetez izaten dituzte neuronak lanean; saguen neuronek, adibidez, bost minutu besterik ezin dute lan egin egoera horretan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia