}

Urpekoak Internetera konektatzeko kable flotagarriak

2001/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadako ingeniariek urpekoek ere Internet erabiltzea ahalbidetuko duen sistema asmatu dute. Antena flotagarri bat da, eta, itsasoko olatuek estali arren, irrati-seinaleak bidali eta jasotzeko gai da.

Orain ere, urpekoek kable flotagarriak erabiltzen dituzte irrati bidez komunikatu ahal izateko; baina oso uhin-maiztasun txikiak erabiltzen dituzte, eta, horregatik, datuen eta ahotsaren transmisioaren abiadura etxeko edozein modemena baino geldoagoa da. Informazio asko transmititu behar dutenean, urpekoak ur azalera atera behar izaten dira, satelite, hegazkin edo lurreko tresnaren bat erabili ahal izateko. Baina, argi dago, operazio hori oso arriskutsua izan daiteke.

Itsas Armadako zientzialariek diseinatu duten antenak saltxitxa-soka baten itxura du. Guztira, 12 antena-elementu lotzen ditu; hartara, elementu bakoitzak seinalea egonkorra izatea ahalbidetzen du, eta hondo-zarata gutxitu egiten da. Elementu batzuk urpean daudenean, beste batzuk kanpoan daude. Horregatik, seinalea irten eta sartu egin daiteke.

Hala ere, antena txikien multzotik jasotako seinaleak lotzea ez da batere erraza. Elementu bakoitza gora eta behera dabil, eta, beraz, seinaleak ez dira une berean jasotzen, eta modu egokian konbinatzea zaila da.

Arazo hori gogoan, MIT Lincoln laborategiko ingeniariek ordenagailu-programa bat diseinatu dute, baina horren funtzionamendua sekretupean daukate. Lor daitekeen sakonera maximoaren berri ere ez dute eman. Hala ere, badirudi prototipoekin egindako lehenengo saiakerak arrakastatsuak izan direla. Hemendik gutxira, AEBetako urpeko guztiek antena berri hori izango dutela espero da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia