}

Urrunenetatik hurbilenetara, mendiak eztabaidagai

2002/06/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mendiaren nazioarteko urtean gauden honetan, eta mendiei eta mendizaleei buruzko artikulua idazterakoan, ezin ahaztu aurten mendizale euskaldunek lortutako arrakastak. Beraz, hasteko eta behin, zorionak denoi!

Alberto, Edurne, Jon, Iñaki, Jon, Juanito eta beste goi-mailako mendizaleei esker, haien igoeren jarraitzaileek Himalaiako mendiak bertatik bertara ezagutu dituzte. Altitude horietan gorputzak zenbat sufritzen duen jakin dute, sherpa eta kranpoi bezalako hitzak arruntak bihurtu zaizkie, eta, batez ere, mendien edertasun paregabeaz gozatzeko aukera izan dute.

Horrela jakin dute, baita ere, den-dena ez dela polita, eta goi-mendiko jarduera horrek badituela alde ilunak. Esate baterako, mendizale batek baino gehiagok salatu du mendi ezagun eta ospetsuen oinarrizko kanpamentua eta bideak zabortegi bihurtu direla.

Everest mendian erratza pasatzen

Vignemale mendiaren ikuspegi ederra.

Jakina da Everest mendia dela zabor gehien biltzen duen Himalaiako mendietako bat; batetik munduko garaiena izateak erakargarriena egiten du eta urtero-urtero hamaika espedizio joaten dira harantz. Bestetik, hura igotzeko material-piloa behar da (dendak, janari-poteak, plastikozko bidoiak, oxigeno-bonbona, sokak...), eta guztia bueltan eramatea nekagarria denez, han gelditzen dira erabili eta gero. 1993an Nepalgo gobernuak fidantza bat ezarri zuen, espedizioek itzuleran zabor guztia biltzen ez bazuten dirutan ordain zezaten. Alabaina, batzuetan hondakinak ezin dira eskuratu oso toki arriskutsuetan gelditu direlako, eta, zoritxarrez, gauza bera gertatzen da hainbat mendizaleren gorpuekin.

Orain baino lehen ere, izan dira Everesteko zaborra garbitzeko kanpainak, gehien bat oinarrizko kanpamentuan eta Tibeteko aldetik. Azkenekoa Georgiako, Japoniako, Koreako eta Nepalgo 29 mendizalek osatutako talde batek eraman du aurrera. Oinarrizko kanpamentutik gora, bigarren kanpamentuaren eta hegoaldeko lepoaren artean hain zuzen, 1.500 kilotik gora zabor biltzeko asmoa zuten, eta halabeharrez bertan gelditutako mendizaleen gorpuak ere berreskuratzen saiatu dira.

Everesteko bigarren kanpamentua 6.400 metrora dago eta oinarrizko kanpamentu aurreratutzat hartzen da, handik hasten baitira igoera gehienak. Bestetik, 7.900 metrora dagoen hegoaldeko lepotik ekiten diote mendizaleek tontorrera iristeko azken txanpari. Beraz, ez dute oso lantegi erraza izan, baina dagoeneko lortu dute bilatzen duten helburuetako bat; jendea arazo horretaz jabetzea, alegia.

Hala ere, antzeko egitasmoek batzuen kritikak jasotzen dituzte, eta arazoa askoz ere larriagoa dela ohartarazten dute. Haien ustez, konponbideak sakonagoa izan behar du. Espedizioek hango ekologian eta jendearen bizimoduan zein eragin duten aztertu beharko litzatekeela aldarrikatzen dute, eta errespetuan oinarritutako jokabidearen aldeko jarrera azaltzen dute.

Hain urrutira joan gabe

Pirinioetan bertan, mendiaren erabilerari dagokionez, beti ez datoz bat mendizaleen, ekologisten eta bertako biztanleen ikuspuntuak. Eremu batzuk dagoeneko legez babestuta egoteak ez du bermatzen egoera onean egongo direla edo hobeto zainduko direla, askotan jendea erakartzea besterik ez baita lortzen. Azken urteotan ‘turismo berdea’ modan jarri da, eta turismoaren gorakadak naturan eragiten dituen kalteak begi-bistakoak badira ere, toki horietako biztanle asko horri esker bizi dira. Beraz, gaia oso korapilatsua da.

Mendian bizi direnek aurreko garaietan baino bizimodu xamurragoa badute ere, haranetan eta lautadetan bizi direnek adina zerbitzu eta erraztasun izan nahi dute, noski. Horregatik, ulergarria da hori lortzeko proiektuak bultzatzea. Baina, batzuetan, azken helburua zein den argitzeko, komeni da proiektu horien atzean dauden interes politikoak eta ekonomikoak ondo aztertzea.

Neskatila tibetarra.

Hori guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa hainbesterainoko eztabaida sortzea Pirinioetako zenbait tokitan: adibidez, Bujaruelon teleferiko bat jartzeko gogoa du Torlako alkateak; Chistau eta Bielsakoek, berriz, eski-estazioak jarri nahi dituzte Punta Suelzan eta Punta Ruegon; Candanchu, Astun eta Formigal ere batu nahi dituzte eski-estazio zoragarri eta handi bat egiteko; Baqueira Beret handitzeko asmoa ere badago... Norentzat dira mesedegarriak horrelako egitasmoak?

Hemen bertan

Euskal Herriko mendietan ere antzeko arazoak daude. Duela urte batzuk, mendiak zenbateraino hondatu ziren ikusita, ekologista- eta mendizale-taldeek lan asko egin zuten jendea arazoaz jabetu zedin. Horren ondorioz, bazirudien zerbait lortu zela eta, besteak beste, zenbait natur parke izendatu ziren.

Baina, antza denez, azkenaldian bestelako interesek indarra hartu dute, eta toki askotan eztabaida bizi-bizia dago aurrera eraman nahi diren egitasmoen inguruan: Aralarren zabaldu nahi diren pistak, gero eta zabalagoak diren harrobiak, ezarri nahi diren parke eolikoak... Gero, Euskal Herria turismo-azoketan aurkezten dutenean, ‘turismo berdeaz’ aritzen dira. Berdeguneak desagertzen ari badira, ordea, non sartuko dira turistak?

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia