Urtarrak izan ginen?
2002/03/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kontuz! Orri hauetan irakurriko duzuna ez da nahitaez zuzena. Hipotesi bat besterik ez da, hasieran harrigarri samarra, baina arrazonamendu eta hausnarketa zientifiko sakonen ondorioa. Aurkeztu zen lehen aldietan, paleoantropologoek barre egin zieten hipotesi horri eta egileari, baina gero eta arreta handiagoa sortu du zientzialarien artean. Phillip V. Tobias antropologo hegoafrikar ospetsuak, artikulu batean, hipotesi horri buruz honako hau idatzi zuen: "Lehen, sabanaren hipotesiak ez zion lekurik uzten beste edozein planteamenduri, baina, orain, paleoantropologoek hipotesia jarrera irekiarekin aztertzeko ahaleginak egin beharko lituzkete".
Oro har, onartuta dago txinpantzeek, gorilek eta gizakiek arbaso bera izan zutela. Dena dela, lehenengo biek elkarren artean gizakiokin baino antz handiagoa dute, eta hori ez da hain erraz azaltzen. Hiru espezieetatik, ilea galdu, bi hankatan ibili eta garuna handitu zaion bakarra gizakia da. Hipotesirik zabalduenaren arabera, gizakia basoetatik sabanara joan zen bizitzera, eta, bertako baldintzek bultzatuta, ezaugarri horiek garatu zituen.
Hipotesi hori hain dago onartuta, ezen askotan zientzialariek ahaztu egiten dituzten teoria horrek erantzuten ez dituen galderak. Gizakiaren ezaugarriak sabanako bizimoduaren ondorio badira, espero liteke sabanako beste espezieetan joera bera izatea eboluzioak aurrera egin ahala. Baina halakorik ez da ikusi, eta primate horren berezitasunak beste hipotesi batetik abiatuta ere azal daitezke. Ikus dezagun.
Hipotesi urtarra
Aurkitu diren hominidoen fosilik zaharrenak Ardipithecus eta Australopithecus generokoak dira. Bietan zaharrena, Ardipithecus -a, bi hankatan ibiltzen zen ala ez aztertzen ari dira paleontologoak (badirudi baietz). Australopithecus -arekin, aldiz, ez dago zalantzarik; hezur fosilen itxura esanguratsua da. Txinpantzeek, aldiz, lau hankatan ibiltzeari eutsi diote orain arte. Orduan, nolatan zutitu ziren hominidoak? Horretan hipotesi guztiak datoz bat: primate horien habitata nolabait aldatu zen, eta, ondorioz, haiek ere bai.
Fosil horietatik gehienak Etiopiako Afar lurraldean aurkitu ziren, Afrikako 'adarretik' nahiko gertu. (Afar lurraldean aurkitu ez diren fosil guztiak laku eta ibai handien inguruan zeuden). Lurralde hori delta-itxurako herbeherea da, Awash ibaiaren arroan azken kilometroak direlako. Hipotesi urtarraren arabera, duela 7 milioi urte inguru itsasoaren maila igo eta lurralde hori estali zuen; Afar itsasoa osatu zen.
Primateen ingurua epe laburrean bilakatu zen urtarra. Batzuk uharteetan 'harrapatuta' geratu ziren (gaurko Danakil mendien goialdean) eta beste asko paduretan, aintziretan, urak hartutako basoetan eta sortu berria zen kostaldean. Modu batean edo bestean, ekosistema berrira egokitu behar izan zuten.
Ondorioz, eboluzioak aurrera egin zuen eta hainbat aldaketa eragin zituen primateengan. Aintziretan mugitzeko nahitaez bi hankatan ibiltzen trebatu behar izan zuten. Gainera, txinpantzeek eta gorilek ez bezala, hominidoek ilea galdu zuten eta gorputzaren gantza beste modu batean banatu zuten; itsas ugaztunek bezala, gizakiak gantz-geruza bat du azalari itsatsita.
Orain arteko datuekin bat
Hipotesi urtarra 1923an planteatu zuen lehen aldiz Max Westenhöfer mediku alemaniarrak. Aurrekoaren berri izan gabe planteamendu bera egin zuen Alister Hardy itsas biologo britainiarrak 1929an, eta hogeita hamaika urte geroago argitaratu zuen. Denborarekin, ordea, sabanaren hipotesia asko indartu zen, nagusitu arte. Dena dela, Elaine Morgan eta Marc Verhaegen zientzialariek, Hardyren ideietatik abiatuta, hipotesi urtarra garatu dute azken hamar urteotan. Hipotesi hori orain arte aurkitutako fosil guztiekin bat dator, eta hominidoen beste ezaugarri asko ere azaltzen ditu.
Arnasketa kontrolatzen duen primate bakarra da gizakia. Besteek, eta ugaztun gehienek, automatikoki hartzen dute arnasa, bihotzak taupadak egiten dituen modu berean. Arnasa kontrolatzea ezinbestekoa da, besteak beste, hitz egin ahal izateko. Ezaugarri hori urpean igeri egiten duten ugaztunek bakarrik dute. Bestalde, arnasa ahotik har dezaketen espezieak oso gutxi dira; horretan ere xelebrea da gizakia. Hain zuzen ere, Darwin oso harrituta zegoen ezaugarri horrek eskatzen zuen berrantolaketa anatomikoarekin (eztarriaren eta biriken kokapena oso bitxia suertatzen da beste primateen aldean). Hegaztietan, urperatzen direnek bakarrik hartzen dute ahotik arnasa: pelikanoak, zangak, pinguinoak eta beste zenbaitek. Ugaztunetan, itsas lehoiek dute gaitasun hori.
Azalean gertatzen diren prozesuak aztertzea ere merezi du. Alde batetik, sabanako animaliek ez dute izerdirik isurtzen. Gure kasuan, ezaugarri hori askotan ilearen faltarekin lotu izan da, baina animalia horiek barruko tenperatura kontrolatzeko beste hainbat metodo garatu dituzte, ilea galdu gabe. Bestetik, negar egiten duten animalia guztiak (hau da, begietatik malkoak isuri) itsastarrak dira. Sebo-guruinek ere beste primateetatik bereizten gaituzte. Txinpantzeetan, adibidez, guruin horiek oso txikiak eta urriak dira; gizakietan, berriz, azalaren funtzionamenduan parte hartzen dute eta hainbat arazo larrirekin zerikusia dute, nerabetasuneko aknearekin, besteak beste. Seboa azalean izatea urarekin kontaktua izan dela adierazten du agian, seboak kontaktu hori errazten baitu.
Adimenaren jatorria
Gizakiaren eta beste primateen arteko aldean, garunaren tamaina eta konplexutasuna dira nagusi. Garun handia garatzeko ezinbestekoak dira hainbat mantenugai: fosforoa, iodoa, kobrea, burdina, kate luzeko azido asegabeak eta abar. Mantenugai horiek itsasoko eta kostaldeko elikagaietan dira oparo.
Izan ere, iodoaren urritasunarekin lotutako gaixotasuna, bozioa, ugariagoa da lehorreko populazioetan kostaldetakoetan baino. Fosforoari dagokionez, arrainetik eta itsaskitik jasotzen da, gehienbat; datu horien arabera ondoriozta daiteke hominidoen garuna itsasoko produktuetan oinarritutako dietari esker garatu zela.
Gizakia itsas ondoan eboluzionatu zela esateak hipotesi zentzuduna eta koherentea dirudi. Verhaegen-en ustez, Homo erectus eta Homo sapiens neanderthalensis espezieen fosilek urpean igeri egiteko ezaugarri aproposak dituzte. Homo erectus -aren fosilak Indonesiako uharte batzuetan aurkitu dira eta, itsas maila baxuenean ere, itsasarteak gurutzatu behar izan zituzten bertaratzeko. Ezin dugu jakin garai hartan nabigazioa ezagutzen zen ala ez; luze eztabaidatutako kontua da, baina 19 kilometro itsaso gainditu zituztela inongo zalantzarik ez dago. Estegodonak ere (elefante arkaiko mota bat) uharte hartaraino egin zuen igeri.
Gibraltar itsasartean antzeko egoera sortu zen. Itsasoaren maila asko jaitsi zen glaziazioan, baina, hala ere, 5 kilometroko itsasartea zeharkatu behar zen Afrikatik Europara (edo alderantziz) joateko. Egin al zuen Neanderthal gizakiak inoiz horrelako bidaiarik? Eztabaida ez da oraingoz argituko, Ipar Afrikako aztarnategi gutxi industu direlako; baina paleontologoek ez dute aukera hori baztertzen, gutxi horietako batzuetan Moustier aldiko tresnak topatu izan direlako (Neanderthal gizakiarekin lotzen dugun tresneria-mota, alegia).
Eztabaida irekia
Hipotesi urtarraren arabera, gizakia kostaldeari eta ibaiei jarraituta zabaldu zen munduan, uraren mendekotasuna ez duelako inoiz erabat galdu. Egia esan, azken ideia hori beste hipotesi batzuen bitartez azaltzea ez da zaila. Beste hainbat puntu ere eztabaidagarriak dira, eta hipotesiaren aurkako argudioak aurkeztea oso aberasgarritzat jotzen da.
Hala eta guztiz ere, sabanaren hipotesia oso onartuta dago zientzialarien artean, eta, horregatik, gizakiaren eboluzioa beste ikuspuntu batetik aztertzea ez da maiz ongi hartzen. Elaine Morgan biziki kexatu da jarrera horrengatik. Hipotesi urtarra, baztertu behar bada, argudio zientifikoen bitartez baztertu behar da, eta ez analisi txukun bat egin gabe, haren ustez.
John Langdon antropologo estatubatuarra oso eszeptikoa da hipotesi urtarrarekin, baina eztabaida zientifikoaren esparrutik azaltzen ditu horretarako arrazoiak. Langdonen oinarrizko kritiketako bat da hipotesi urtarrak ideia bakar batetik abiatuta azaldu nahi duela prozesu ebolutibo konplexu bat; 'aterki-itxurako hipotesia' dela dio. Aterki hipotesiak erraz komunikatzen dira eta horrek, normalean, arrakasta handia izaten du; baina horrek ez du zuzentasuna ziurtatzen. Giza eboluzioaren kasuan, fosilek pixkanakako egokitzapenaren aztarnak dituzte, eta, beraz, une batean gertatutako aldaketek ezin dituzte ezaugarri guztiak azaldu, une hori eskala geologikoan badago ere.
Hankabiko bihurtzeari dagokionez, Langdonek dio ezaugarri hori ez dela lau hankatan ibiltzetik abiatu eta eboluzionatu; haren ustez, hominidoak zuhaitzetan bizi zirenez, adarrez adar ibiltzean pixkanaka aldatu ziren. Beraz, ingurune urtarren beharrik ez dago Australopithecus -ak hankabiko bilakatu zirela azaltzeko.
Igeri egiteko aproposak dira gure gorputz-adarrak, baina egokitzapen hori Homo generoa sortu eta milioika urtera gertatu zen, ustezko garai urtarra baino geroago. Arnasketa kontrolatua hankabiko bihurtzearen ondorio bezala ulertzen du, lokomozio-modua aldatuta, arnasketa 'askea' garatzeko beharra zegoelako.
Bestalde, Langdonen ustez, ilea galtzea ez da uraren eraginaren bidez azaltzen; gizakia erabateko itsas ugaztun bihurtu izan balitz, agian bai, baina orduan egungo egoera beste bat izango litzateke. Baina hipotesi urtarra ere ez da hain urrun joaten; ustez, gaurko egoerara iristeko, animalia erdi-urtarrak bakarrik izango zirelako hominidoak. Gainera, gantz-geruzak ez du giza gorputz osoa estaltzen. Azken batean, Langdonen ustez, azalaren ezaugarriak giza jarduerei egokitzearen ondorioa dira, eta jarduera horrek kontrol termiko zorrotza eskatzen du.
Paleoantropologia fosil gutxitan oinarritutako zientzia da, eta teoriarik onartuenak ere suposizioetan oinarritzen dira. Horregatik, Tobias arkeologoa hipotesi urtarra hobetzearen aldekoa da; proposatzen dituen argudio asko eztabaidagarriak dira, eta, hala ere, ideia oso interesgarritzat du. Eztabaida irekia eta interesgarria da oso.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia