}

Urtean 1,5 bilioi musuko beharko dira munduan, berrerabilgarriak sustatzeko politika aktiboak egin ezean

2021/12/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

urtero-15-trilioi-musuko-behar-dira-munduan-berrer
Arg. Pixabay

Portsmoutheko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek salatu dute, COVID-19aren pandemiari, giza osasuna babesteko irizpidetan oinarrituta erantzun diotela gobernuek, baina ingurumen-arazo larri bat sortu dela. Izan ere, babeserako material pertsonalak erabiltzea sustatu dute legediek eta gobernu-aholkuek, baina ez dute aintzat hartu zer nolako arazoa sortu duen erabilera bakarreko materiala kontsumitzeak. Ondorioz, polimero ez birziklagarriez egindako milioika musuko, eskularru eta toallatxo desinfektatzaile pilatu dira zabortegietan zein kalean.

Herritarrek erabilera anitzeko materialak erabil ditzaten, beharrezkoa da horiek sustatzeko politika aktiboak sortzea, eskuragarriago jartzea eta haien garbiketa seguru eta egokirako irizpide argiak komunikatzea. Arg. Pixabay

Ingurumen-arazoa kuantifikatzeko, 2020ko martxotik azaroa bitartean munduko hamaika herrialdetan bildutako zaborra aztertu dute: Australia, Belgika, Kanada, Frantzia, Alemania, Holanda, Zelanda Berria, Espainia, Suezia, Erresuma Batua eta AEB. Erresuma Batua izan da kasu guztietan larriena: musukoak zabor guztiaren % 6 izatera iritsi dira, eskularruak % 1,5 eta toallatxo desinfektatzaileak beste % 1,5. Beste muturrean dago Suedia, hilabete asko eman baitzituen COVID-19arekin erlazionatutako zaborrik sortu gabe. Ikertzaileen arabera, herrialde bakoitzaren unean uneko legedia izan da COVID-19aren zaborra sortzeko baldintzatzaile nagusia: esaterako, derrigorrez ezarri ote den musukoaren erabilera eta pertsonen mugimendua murriztu ote den.

Badira joera orokor batzuk, ordea: pandemiaren hasieran eskularruak izan ziren gehien erabili zirenak, eta, OMEk komunikatu zuenean birusa batez ere aerosolen bidez transmititzen zela (ez azalerak ukituta, hasieran uste zen moduan), musukoen erabilerak gora eta eskularruen erabilerak behera egin zuen. Ondorioz, musukoen presentzia 84 aldiz handitu da zaborrean, zabor guztiaren % 0,8 bihurtzeraino.

Politika arduratsuak eskatu dituzte

Datuak eskuetan, zaborraren arazoa lehenesten duten politikak ezarri behar direla adierazi dute ikertzaileek, eta musuko berrerabilgarriak sustatu behar direla. Hori ez egiteak izango lituzkeen ondorioak aurreikusten saiatu dira: Erresuma Batuan, esaterako, urtero 24 mila milioi musuko beharko dira pandemiari aurre egiteko. Mundu mailan, 1,5 bilioi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia