}

Usain txarren kontrako jantziak

1999/03/14 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa

Jantzi-mota berezi hauek ospitaletako arropa antiseptikoetan oinarrituak dira eta Japonian zein Estatu Batuetan berebiziko arrakasta dute. "Bakterioen kontrako" jantziak dira.

Usain txarren kontrako jantziak merkatua bereganatzen ari dira. "Bakterioen kontrako" galtzerdi, galtzontzilo, kulero edo kulotak bereziak dira eta beren eginkizuna larruazaleko jariakinak bakterioek degradatzen dituztenean sortzen den kiratsa dueseztatzea da.

Bakterioen aurkako ehuna bioaktiboen familiako da, hots, zuntz klasikoez egina da (kotoiaz, poliestrerraz, eta abarrez), baina zuntz horietan erabiltzailearentzat interesgarriak diren molekulak erantsi dira. Gaur egun bakterioen aurkako molekulak erabiltzen dira soineko, azpiko arropa, oinetako, oheko arropa edo artilezko hariletan. Moketa, gortina eta antzekoetan berriz, akaroen kontrako molekulak eransten dira. Bidea ordea, zabalik dago eta etorkizunean zauriak orbaintzeko, ilea ez hazteko, argaltzeko, hidratatzeko, lasaitzeko edo odol-zirkulazioa hobetzeko molekulak erantsi ahal izango dira.

Japonian orain hamabost urte ehun funtzionalez hasitako ikerketetan helburua, eraginkorra den eta kalterik egiten ez duen molekula eta ehunean txertatzeko prozedura aurkitzea da. Usain txarrei dagokienez, ehunak larruazala ukitu behar du, baina oreka biologikoa aldatu gabe.

Gorputzean usain txarra epidermisaren gainean, batez ere zona hezeetan, beti dauden milioika bakteriok sortzen dute. Bakterioek elikatzeko gantza, zelula-hondakinak eta larruazalak isuritako izerdia hartzen dute eta kiratsa darien metabolitoak sortzen dituzte. Usain higuingarri horri kontra egiteko bakterioak kontrolatu behar dira, baina kontu handiz ibili behar da. Izan ere, epidermiseko egoera ekologikora moldaturiko bakterio horiek larruazalarentzat mesedegarriak dira, beste mikroorganismo patogeno batzuen kontrako oztopoa direlako. Oztopo hori kentzen baldin bada, edozein infekziotarako bidea libre geratuko da. Beraz, kontua bakteriostatikoa (eta ez bakterizida) izatea da, hau da, bakterioak ez dira hil behar, baina ez zaie ugaltzen utzi behar.

Dena den, bakterioak hiltzea ez da arrisku bakarra. Izen ere, bakterioek larruazalean daudedenean molekula-kopuru handiegia baldin badute antiseptikoekiko erresistentzia lortzen dute eta oso kaltegarri izan daitezke (ospitalera sartzen badira, adibidez).

Ikerketa asko egin den arren, usain txarren kontrako molekula idealik ez dago. Bakterioen kontrako ehunetan molekula erabilienak triklosana eta zeolita dira. Triklosana oso erabilia da antiseptiko gisa ospitaletan, baina hortzetako pasta, xanpu, harrikoa egiteko likido, lurrin eta abarretan ere erabiltzen da. Bakteriostatiko eraginkorra da, baina teorian andui erresistenteak sortaraz ditzake. Zeolita berriz, molekula minerala da. Leku hezeetan oxigeno aktiboa sortzen du eta oxigeno horrek bakterioak inhibitu egiten ditu. Ez da triklosana bezain aktiboa, baina bakterio erresistenteak sortzeko arrisku txikiagoa du.

Molekulek eraginkorrak izan behar dute, baina denbora luzez. Egonkortasun kimiko eta termikoa behar dute, arropa behin eta berriz garbituta ere iraun dezaten. Horretarako garrantzitsuak dira molekula-mota, dosia eta ehuneko zuntzen gainean edo barnean txertatzeko era.

Bakterioen aurkako zenbait ehun-mota

Urtze bidezkoa

Bakterioen kontrako molekulak 300 °C-tan urtutako ehun-polimeroarekin nahasten dira. Horrela lortutako orea presiopean iragazi eta gero irun egiten da. Bakterioen kontrako molekula zeolita izaten da. Nahikoa lodia den molekula mineral hau nekez joaten da ehunaren gainazalera eta triklosana bezain aktiboa ez da, baina 40°C-tan ehun garbialdi baino gehaigo jasan ditzake. Zilar, kobre eta zinkezko ioiak ditu zeolitak eta izerdiko uraz mikoeletrolisia eraginda bakterioak inhibitzen dituen oxigeno aktiboa sortzen du.

Jalkipenezkoa

Bakterioen kontrako molekula-geruza jalkitzen da ehunean. Geruza horrek zuzenean ukitzen ditu larruazaleko bakterioak. Metodo eraginkorrena da, baina arropa garbitzen denean geruza kendu egiten da. Behin bakarrik erabiltzeko jantzietarako da egokia.

Aprestu bidezkoa

Bakterioen kontrako molekulak dituen geruza malgua ezartzen da ehunaren azalean. Ehunera zerbait atxikita daudelako, jalkipenezkoek baino gehiago irauten dute arropa garbitzen denean. Hogei garbialdi baino gehiagorako ez dute balio izaten.

Sistema hauez gain aipatzekoak dira disoluziozkoa eta mikrokapsulaziozkoa. Lehenengoan bakterioen kontrako molekulak disoluzioan daude ehun-polimeroaren pikorrekin. Erabilitako molekula triklosana da eta larruazalera erraz migratzen du. 40 garbialdi jasan ditzake. Mikrokapsulaziozko sisteman bakterioen aurkako molekulak mikrokapsulatan biltzen dira eta hauek ehunera jalkipenez edo aprestu bidez itsasten dira. Mikrokapsula batzuk larruazalarekin marruskatuz hautsi egiten dira eta edukia atera egiten zaie. Sistema hau oraindik ere ikertzen ari dira.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia